Donostiako Aste Nagusia

Piratek antolaturik, 30 bat haur surfean ikasten aritu dira Zurriola hondartzan

8-16 urte bitarteko haurrek surfa ezagutu eta praktikatzeko asmoz eta euren artean euskara erabiltzeko xedez antolatu dute ikastaroa. Bideoa: Piraten eskutik, surf ikastaroa: [Youtube]http://youtu.be/7rTRfaxQW_Q[/Youtube]

jon eskudero
2013ko abuztuaren 17a
16:17
Entzun

Zortzi eta hamasei urte bitarteko haurrek surfean ikasteko aukera izan dute gaur goizean Zurriolako hondartzan, Donostiako Aste Nagusiaren egitarauaren barruan. Piratek antolaturik, 30 bat haur bildu dira, eta hiru txandatan banaturik, bizpahiru orduz uretan ibili dira. Saguesko Free Surf eskolako irakasleak izan dira ikastaroaren gidari, eta euria etsai izan arren, giro bikaina bizi izan dute. Lehenik lehorrean egin dituzte hainbat ariketa, eta ondoren salto egin dute uretara. Haur gehienek lehenengo aldia izan dute surfean, eta ez dira gaizki moldatu.

Haizea Busto piratetako kide eta ekimenaren antolatzaileetako batek azaldu duenez, bi arrazoigatik antolatu dute ikastaroa: "Donostian jende askok praktikatzen du surfa, baina jaietan albo batera geratzen da. Horregatik, surfarekin zerikusia duten ekintzak prestatu ditugu aurten". Halako ikastaro bat antolatzen duten lehenengo aldia izan da aurtengoa. "Surfean ikasteaz gain, haurrek euren artean euskara erabiltzea ere badugu xede", aitortu du Bustok.

Saguesko Free Surf eskola bera jarri zen harremanetan piratekin, ikastaro bat gustura eskainiko zutela esanaz. "Lau irakasle ari dira guztia kudeatzen, eta boluntario ari dira gainera. Piratekin zerbaitetan parte hartu nahi zutela adierazi ziguten, eta ideia bikaina iruditu zitzaigun". Haurrek zein gurasoek goiz pasa ederra egin dute Zurriolan, eta hurrengo urteetan ere halako ikastaroak antolatzen jarraituko dutela baieztatu du Bustok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.