Iazko Pirata Bihurriak eta Eskifaia kofradiei beste hiru batu zaizkie aurtengo Aste Nagusi Piratan. Xibaro 77+ kofradiak espetxean dauden 77 donostiarrak izango ditu gogoan; Sardiñerak, berriz, emakumeen bilgune izango da; eta, azkenik, Moko kofradiak Kantujira eta dantza herrikoiak antolatzeaz arduratu da
Piraten filosofiari jarraituz, euskaldunak, parte hartzaileak eta parekideak izango dira kofradia guztiak, eta auzolanerako prestutasuna ere erakutsi dute. Kofradia horiek herritarren parte hartze zuzena ziurtatzeko antolatu diren espazio edo egiturak dira.
Guztiek zapi beltza eramango dute lepoan, nahiz eta bakoitzak identifikagarriak diren txaleko propioak izango dituen. Kofradia bakoitzak bere egitarau propioa garatu du.
Gaurko egitaraua Eskifaiako kuadrillen banderen aurkezpenekin zabalduko da iluntzeko zortziretan.
Stop Kaleratzeak kolektiboak botako du txupina
Gaueko 21.30ean Ezkila kapitainari eta Mattiri ongi etorria egingo zaie kaian, eta txupina botatzearena arduradunak Stop Kaleratzeak kolektiboko kideak izango dira. Beraiek izango dira Matti ordezkatuko dutenak.
Donostiako Piraten Ezkila kapitainak jai herrikoien eta parte hartzaileen aldarria egiten duen bitartean, Mattik urtero ideia eta balore ezberdin bat ordezkatzen du, eta hala, Donostiako Piratentzat interesgarriak diren ekimenak edo baloreak bultzatu dituzten eragile, elkarte edo taldeen ordezkaria izaten da Matti.
Lehenengo edizioan, iaz, Martuteneko bizilagunak omendu nahi izan zituzten, iazko uholdeen ondoren izan zuten jarrera txalotzeko. Aurten, esan bezala, etxeetatik kaleratuak izan diren lagunei eskainiko zaie ahotsa: “Kaltetuek beraiek, Stop Etxe Kaleratzea kolektiboarekin batera, izugarrikeria hau ikusgarri egin eta erantzuleak guztion bistara jartzea lortu dute. Elkartasun lezio hori eman dutelako, Donostiako Piratak mugimendutik jaiez gurekin gozatzera gonbidatu nahi izan ditugu”.