Georges Labazee (PS) Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidenteak eta Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiak bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu dute gaur, Baionan, 2015era artekoa. 2005ean egindakoa berritu dute. Gizartea, gaztedia, kirola, dokumentazioa eta formakuntza landuko dituzte.
Gaur, bi proiekturen berri eman dute: osasunari eta hezkuntzari buruzko haur gida bat aurkeztu dute, batetik, alde bietan bizi diren gurasoentzat; eta kirolari buruzko webgune bat, bestetik —oraindik ez dute martxan jarri—.
Gainera, Gipuzkoako Diputazioko 70 langile aurki Baionara joango dira, horko administrazioak nola funtzionatzen duen jakin ahal izateko. Hurrena, Pirinio Atlantikoetakoak izango dira Gipuzkoan.
"Niretzat, Hegoaldearen eta Iparraldearen artean ez dago mugarik. Zubi bat dago", esan du Garitanok. Gaurko ekitaldian euskararen garapenaz eta ekonomiaz hitz egin dutela azaldu du, eta helburua "elkarlanean" aritzea dela. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak dio Gipuzkoarekin "mugaz gaindiko lankidetza politika eraiki" nahi duela. Labazeek adierazi du "bata bestearekiko aurreiritzirik" ez dagoela eta horrek "gauza handiak egiteko" aukera ematen diela.
Labazee iazko martxoaren 31n izendatu zuten Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidente, eta Garitano iazko ekainetik da Gipuzkoako ahaldun nagusi.