Francisco Purroi (biologoa)

"Pirinioetako mendebaldea, tamalez, zulo beltz bilakatu da hartzentzat"

Ospe handiko biologoa da Francisco Purroi iruindarra; 35 urtez aritu da Leongo Unibertsitatean, Zoologian katedradun. Espainiako Ornitologia Elkarteko (SEO) presidente ere izan zen, hamar urtez. Erretiroa hartu du, baina atseden hartzeko asmorik ez du. Lehoinabarraren bila dabil.

edurne elizondo
2013ko irailaren 8a
09:39
Entzun

Biologo, irakasle, ingurumenaren aldeko aktibista. Gauza anitz erran daiteke Francisco Purroiren inguruan (Iruñea, 1946). Pancho da ezagutzen dutenentzat. Nafarroan jaio, Madrilen ikasi, eta Leonen bizi da (Gaztela Leon, Espainia). Gelan eman du urte anitz, baina beti izan du burua mendian. Beran (Nafarroa) harrapatu dugu, familiaren etxean.

Espainiako Gobernuak Ingurumen saria eman zizun maiatzean. Kontent?

Hagitz kontent. Ezuste handia izan zen, Gaztela Leonen, batez ere, PPren aurkako kritika zorrotza egin baitut beti.

Kosta egin zitzaizun Miguel Arias Cañete Espainiako Ingurumen ministroaren aurrean isilik egotea?

Ez! Egia erran, atsegina izan zen nirekin. Hegaztien kontserbazioak anitz kezkatzen duela erran zidan.

Haren politiken inguruan, zer iritzi duzu?

Ez nago batere ados, argi dago. Berriki onartu duten Kosta Legea, adibidez, hagitz kontu larria da. Gaztela Leonen San Glorion eski estazioa egiteko proiektua izan dugu ere. Ematen du bertan behera geldituko dela. Izan ere, etxegintzari lotutako negozioa zegoen proiektu horren atzean, eta orain inork ez dituenez erosten...

Erraten da krisiak mesede egin diola ingurumenari. Hala da?

Bai, indarrean zegoen hirigintza eredu basatia geldiarazi egin duelako.

Eredu hori bultzatu zuen politika, oraindik ere, indarrean da, ordea.

Bai, argi eta garbi. Ez da eredu aldaketarik edo politika aldaketarik gertatu. Aldaketa ekonomikoa izan da, baina egin dio mesede, behintzat, lurraldearen kontserbazioari.

Erretiroa hartu berri duzu Leongo Unibertsitatean. 35 urtez aritu zara han, zoologia katedradun. Gogorra egin zaizu uztea?

Ez, ez, orain denbora gehiago dut kanpora ateratzeko! Gainera, ez dut erabat eten unibertsitatearekin nuen harremana. Bi doktorego tesi zuzentzen ari naiz, bat ibaiertzeko basoetako hegaztiei buruz; eta bertzea Afrika iparraldeko otsoen inguruan. Gustuko dudalako hartu dut ardura hori.

Kanpora ateratzeko denbora gehiago duzula diozu; zer egiteko?

Hainbat gauzatan nabil. Maiz joaten naiz landa eremuetako hegaztiak zenbatzera, edo basoetako hegaztiei so egitera edo ezagutzen ez nituen tokiak ezagutzera.

Denbora luzea eman duzu biologoak prestatzen unibertsitatean. Nola atera dira unibertsitatetik?

Ni kontent nago. Uste dut nirekin ikasi duten biologo anitz bilakatu direla ingurumenaren aldeko aktibista sutsu; kontzientzia hartu dute. Eta haietako zenbaitek, gainera, lana lortu dute!

Irakasle lanak zer eman dizu zuri?

Ikasleen joan-etorriak gazte sentitzen lagundu dit beti. Hainbat tokitako jendea izan dut beti gelan, eta horrek toki bateko eta bertzeko arazoak eta errealitateak ezagutzeko aukera eman dit. Komeni da zure inguruko egoeraz gain bertze tokitako errealitateak ere ezagutzea, baina norberak bere inguruan egin dezakeen lana bazter utzi gabe.

Zuk Madrilen ikasi zenuen. Nola sortu zitzaizun bokazioa?

Nik uste dut sortu zitzaidala aitarekin mendira egiten nituen txangoetan. Izkoko mendizerrara joaten ginen.

Baina paseatzera, edo ehizara?

Ehizara, bai. Ignacio osaba entzuten ere, Indian harrapatutako tigreen berri ematen zidanean, liluratuta gelditzen nintzen.

Animaliak ehizatzea, hala ere, ez zen zure interesa, inondik inora, ezta?

Ez. Ni animaliekin liluratzen nintzen. Hasi nintzen haiekin gozatzen; udazkenean, adibidez, uso-pasa ikustea zoragarria da; kurrilloak ikustea ere bai, bai eta birigarroak eta txontak ere. Nafarroa toki aparta da hegaztiei so egiteko. Paisaia ezberdin anitz dugu Bardeatik Pirinioetara. Toki ederra da.

Aparta, biologo batek lan egiteko?

Bai, zoragarria. Inguru anitz ezagutzeko aukera eskaintzen digu Nafarroak. Aitortu behar dut, hala ere, Madrilera ikastera joateak Iruñetik alde egiteko aukera eman zidala, eta eskertu egin nuen. Orduan Opusen unibertsitatean zegoen biologia ikasketak egiteko aukera, eta argi nuen ez nuela han aritu nahi, haien ideologia ez zaidalako batere gustatzen. Ikasketek ate bat zabaldu zidaten, beraz. Madrilen, gainera, katedradun zoragarriak aurkitu nituen unibertsitatean.

Nor, adibidez?

Francisco Bernis, adibidez, zoologian. Mundu osoan ospea zuen ornitologoa zen. Harekin hegaztiak ikustera atera nintzen aldi bakoitzean izugarri ikasi nuen. Lehen mailako aditua zen. Lehendabiziko aldiz, Milagrora joan nintzen harekin, Aragoi ibai ondora. Han aritu ginen hegaztiei eraztuna jartzen. Zoragarria izan zen.

Ikasketen azken txanpan, zure tesia zuzendu zuen Bernisek.

Bai. Hark proposatuta, Pirinioetako hegaztien inguruko tesia egin nuen. Interesgarria izanen zela erran zidan, habitat hagitz ezberdinak aztertzeko aukera izanen nuelako: beheko aldean artadiak, goitin pinu beltzak. Gironatik Nafarroara habitat eta paisaia anitz dago Pirinioetan.

Zer moduzko lana izan zen tesi hura egitea?

Gauza anitz ikasi nuen. Pirinioa bakarra ez dela ohartu nintzen, kontrastez betetako tokia dela; arroilak dira nagusi erdialdean; Iratiren gisako pagadiak Nafarroan; eta ekialdean, berriz, Aiguastortesen gisako haitz granitikoak.

Anitz aldatu dira Pirinioak ordutik?

Aldatu dira, bai, batez ere, orain toki gehiagotara ailegatzen ahal zarelako pistetatik. Tesia egiteko motor baten gainean mugitzen nintzen ni toki batetik bertzera. MV Augusta motorra nuen. Conrada erraten nion, izen hori zuelako Garesko taberna batek. Han, ogitarteko ederrak hartzen nituen, motorraren gainean lanera joan baino lehen.

Basatiagoa zen orduan Pirinioa?

Bai. Hainbat basotara ailegatzeko, orduak eta orduak eman behar zenituen oinez. Baso garaiak ziren. Gistain ibarrekoak, adibidez, ditut gogoan. Han zeuden, eta daude, basoilarren kantatoki onenak.

Egun, Pirinioetan hobea da basoilarren egoera, Kantauriar mendizerran baino, ezta?

Bai, Kantauriar mendizerran egoera hagitz larria da.

Eta hartzaren egoera nolakoa zen tesia egiten ibili zinenean?

Garai hartan, Frantzia aldean zeuden hartzak, batez ere, Aspe inguruan. Baina orduan ez zegoen eztabaidarik erasoen ondorioz. Esloveniatik ekarri dituzten hartzen eskutik, egoera aldatu da. Pallars Garaiko lurretan daude, egun, batez ere. Mendebaldeko eremuan behera egin dute, ordea.

Bi ar baino ez dira gelditzen.

Bai. Erdialdean populazioak gora egin du, ekarri dituzten hartzek kumeak izan dituztelako. Baina Pirinioetako mendebaldea, tamalez, zulo beltz bilakatu da hartzentzat, nahiz eta lehen haien eremu kutunena izan. Erdialdetik joanen dira, baina mantso egiten du gora hartzen populazioak. Ekarri beharko lituzkete Esloveniatik bi eme edo. Kontua da jendea kontra dagoela. Aranen, adibidez, lehen ere kontra ziren, baina konturatu dira ekonomia pizteko motorea izan daitekeela hartza.

Hartzak ongi ezagutzen dituzu. Salsero izenekoari igorgailua jarri zenion, Tony Clevengerrekin batera, 1985ean. Lehen aldia zen Kantauriar mendizerran. Nolako esperientzia izan zen?

Jendeak uste zuen ez ginela hartza hartzeko gai izanen; eta bitan lortu genuen, lehen aldian lepokoa galdu baitzuen. Lau urtez jarraitu genituen hartz haren urratsak. Lan zoragarria izan zen. Anitz ikasi genuen: hartzak anitz mugitzen direla; sortzen zaizkien aukerak aprobetxatzen dituztela...

Halako proiektu bat goxoki bat izanen zen zuretzat, ezta?

Bai, baina ardura ere ekartzen zuen. Gurekin etorri nahi izan zuten hainbatek, argazkiak ateratzeko hartzari. Baina ez genuen halakorik egin. Toki batetik alde egiten zuenean joaten ginen harat arrastoak aztertzera. Ez genuen molestatu nahi.

Gero eta jende gehiago saiatzen da hartzak ikusten, Asturiasen (Espainia), adibidez.

Bai, eta gero eta enpresa gehiago aritzen dira lan horretan. Ez dago arazorik jendea bidearen bazter batean gelditzen den bitartean, eta teleskopioarekin saiatzen den bitartean. Arazoa sortzen da jendea mendian sartzen denean, animaliaren atzetik. Hori kontrolatu beharra dago.

Otsoak zailagoa izaten du aldeko jarrera piztea. Gaztela Leonek 137 hiltzeko baimena eman du. Zer deritzozu?

Zaila dela otso bat akabatzea. Otsoen populazioa gora egiten ari da. Haren kontrako iritziak ere anitz dira. Administrazioak bi arlo ditu haren aurrean indar egiten: batetik, otsoaren aldekoak, eta, bertzetik, abeltzainak, haien sindikatuekin. Indar handia dute. Zentzuz egin behar da lan.

Otsoak ikusten zailak dira. Are zailagoak lehoinabarrak Atlasen. Zeregin horretan aritu zara azkenaldian, ordea. Zer moduz?

Gu joan baino lehen, Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde bat egon zen Marokoko mendietan, eta erran zuten lehoinabarrik ez zela gelditzen. Gu 2002an joan ginen; bertako gida bat hartu genuen, eta galdutako hamaika tokitan ibili ginen, eta guztietan erraten ziguten gauza bera, lehoinabarra bazegoela. Neguan agertzen zela erraten ziguten.

Ikusi zenuten?

Ez. Arrastoak aurkitu genituen, haren oinatzak, gorotzak, eta lehoinabarrak hildako animaliak. Baina ez genuen ikusi. Kamerak jarri genituen, baina oraindik ez dugu animaliaren irudirik lortu. Udazkenean itzuliko gara, haren bila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.