Pirinioetan hartzik sartzea ez dutela nahi erran dute Pauen

Zuberoako hainbat eragilek eta ELBk bat egin dute protestarekin, hartzek ekar ditzaketen arriskuekin arduratuta

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Pirinioetan hartzik sartzea ez dutela nahi aldarrikatzeko elkarretaratu ziren atzo Pauen. Ez dutela nahi agerian utzi eta Frantziako Gobernuari argiki adierazteko aldeko erabakia hartuko balu ez luketela onartuko. Karia horretara 300 pertsona elkarretaratu ziren Paueko Prefeturaren aitzinean. Hartzaren aurkakoen ordezkaritza bat sartu zen prefeturara, eta haien aldarrien bilduma utzi zuten Frantziako Gobernuari helarazteko. Horrekin batera, hartzaren sarreraren kontrako 6.800 izenpetze helarazi zizkioten. Jean Lassalle Biarnoko diputatuak bat egin zuen manifestariekin.

«Gure mendiak ez dira argazkietan erakusteko; jendeak bizi dira laborantza eta artzaintzatik, eta ezin zaie inposatu hartzaren mehatxua», azaldu du Sebastien Uthurriagak, Larraineko (Zuberoa) auzapezak. Errealitate hori kontuan hartzeko eskatu diote Frantziako Gobernuari. Izan ere, udaberri honetan Pirinioetan hartza arrasartzeko aukera aztertzen ari da Frantzia, eta erabakia hartu baino lehen, tokiko eragileen iritzia bildu nahi izan du. Galdeketa presioa egiteko une gisara baliatzea deliberatu dute kontrakoek.

Zuberoako mendia bizirik dagoela azpimarratu du Uthurriagak. Bizirik, laborariek eta artzainek baliatzen eta zaintzen dutelako. Alta, haien lanbidea eta bizimodua arriskuan ikusten dute hartza arrasartzeko aukerarekin. «Artzain eta laborariak gara, eta ez dugu nahi kabala arriskutsurik gure etxaldeetatik hurbil, ez otso, ez hartzik».

Susmo txarrez hartu dute Frantziako Gobernua egiten ari den inkesta publikoa. Izan ere, inkestak ez du balio erabakitzailerik. Hartza sartzeko erabakia aldez aurretik hartua dagoela diote anitzek ahopetik. Hala ere, aurkako jarrera sendoa dela erakutsi nahi dute. Hartza sartuko balitz herritarren eskubideak urratuko liratekeela ohartarazi du Uthurriagak: «Herritar xumeen askatasuna eta eskubideak urratzen badituzte, kontra borrokatuko gara».

Iraupena, lehenik

Laborari guztiekez dute horren iritzi oldarkorra. Hala ere, hartza sartu aitzin mendiko herrien iraupena segurtatu behar dela dio ELBk. Pirinioetako hartza salbatu nahi izana mitoa dela nabarmendu du sindikatuak. «Ez gara arraza baten salbatzeaz mintzo, baizik eta arriskuan ez den arraza bat Pirinioetan sartzeaz, hots, Esloveniako hartza sartzeaz». Herriak, mendiak eta ingurua zaintzen egiten duten lanengatik, etxalde txikiei ezagupena eman behar zaiela dio ELBk. Biodibertsitatearen zaindari nagusiak laborari eta artzainak direla nabarmendu du. Sindikatuaren arabera, Natura 2000 xedearen karira Larrun inguruan egindako lanek erakusten dute laborantza iraunkorra bermatzen duten sistemak bermatu behar direla.

Mendia arriskuan baldin bada, gobernuen axolagabekeriarengatik ez ezik laborantza egituren interesen ilunengatik dela dio ELBk, baserri mundua eta mendia basamortutze politikaren jomugan ezarri baitute. Laborarien izenean hartzaren kontra mintzo diren laborantza egitura handi horiei leporatzen die mendiaren egoera. Irizpide horiek guztiak azaltzeko joan ziren atzo Pauen egindako elkarretaratzera, nahiz eta aldi berean FDSEA sindikatua salatu.

Azken horrek nabarmendu du ezin direla toki eta une berean bizi hartza eta artzain edo laboraria. Hautu horren gainean segurtasuna eta jendeen interesak lehenetsi behar direla dio FDSEAk. «Sekula indarra baliatuz sartzen saiatuko balira, pentsatzen dugu gauzak bertze molde batez pasatuko direla», adierazi du Jean Mixel Ansolabehere Paueko Laborantza Ganberako presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.