DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Pirofantasia su etxeak irabazi du urrezko maskorra

Pirofantasia Valentziako su etxea izan da Donostiako 49. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren irabazlea. Gaur amaituko dira jaiak, su festa berezi batekin. Bideoa: Pirofantasi etxearen emanaldia, asteazkenean ('Irutxuloko Hitza'). [YouTube]http://youtu.be/IkFiX5mMVls[/YouTube]

2012ko abuztuaren 18a
16:45
Entzun

Pirofantasia Valentziako su etxea izan da 49. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren irabazlea. Izenari ohore eginez, fantasiaz betetako suak eskaini zituzten. Kolore berezi eta zailak —laranja barne—, irudi handiak, erritmo egokia, zarata etengabea eta amaiera ikusgarria dira garaipena eman dioten ikuskizunaren osagaiak.

Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura ordezkariaren eskutik jaso du Valentziako etxearen ordezkariak saria. Zilarrezko maskorra Italiako Lieto Fireworksi eman diote. Igandeko bildumaren “estilo napolitarra” eta “kalitate handiko material eta efektua” aipatu dituzte saria ematerakoan. Brontzezko maskorra, berriz, Frantziako Intermedek jaso du. Asteartean ikusgai izan ziren suen “dotorezia” eta “berezko firma artistikoa” nabarmendu dute epaileek.


Oro har, partaideen maila handia nabarmendu du Txapartegik. “Gau bakoitza desberdina izan da, su etxe bakoitzak bere estiloa mantendu baitu”. 

Pirofantasia su etxearen emanaldiak gustura utzi zituen asteazkenean donostiarrak. Lehen egunetako suak espero baino kaskarragoak izan ziren, baina asteazkenekoek hautsi zuten hori, Valentziako su etxeen ospe onari jarraipena emanez. Ederki asmatu zuten erritmoa, zarata, irudiak eta koloreak uztartzen. Suak desagertzera zihoazela zirudienean, berriz piztu egiten ziren bat-batean. Ikusleei ezustekoa ematea lortu zuten hala, ezusteko pozgarria.

Agur esateko, su festa berezia

Donostiako Aste Nagusiari ordu batzuk falta zaizkio amaitzeko, baina aurretik bat egingo du Viktoria Eugenia antzokiaren mendeurrenarekin; ikuskizun piromusikal baten bidez. Ekitaldirako sortu dute espresuki sua eta musika batzen dituen bilduma bat. Bernardo Sanchiz Vallbona zuzendari artistikoak diseinatu du, eta Pirotecnia Valecea-PIR SL Arabako enpresak gauzatuko du. 22:45ean hasiko da ekitaldia, eta 22 minutu iraungo du; antzokiaren ehun urteetan izandako hamazazpi gertakari nagusiak bilduko ditu. Urumea ibaiaren bokalera igaroko da su festen emanaldia. Hiru lekutatik jaurtiko dituzte suziriak: eraikinetik bertatik, aurreko oinezkoen pasealekutik eta ibaiaren barandatik.

Horren ostean, azkeneko kontzertua izango da, La Flamenkan: Governors eta Obrint Pas taldeen eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.