Alardeak

"Plastiko beltzak" eta antzekoak ez erabiltzeko eskatzen duen mozio bat onartu dute Batzar Nagusietan, PSE-EErena

Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu dute; EH Bilduk aldeko boza eman du, aurrera egiteko "urrats txiki bat" delakoan

Alarde tradizionalaren aldekoak, Jaizkibel konpainiaren desfilean, plastiko beltzak erakusten. GORKA RUBIO, FOKU
arantxa iraola
2018ko azaroaren 7a
07:29
Entzun

Bat: "Bizikidetzaren kontrako ekintza oro errefusatzea". Bi: "Plastiko beltzak kendu eta botatako irainak zein mehatxuak berriro ez errepikatzeko eskaria" egitea. Hiru: "Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Jaurlaritzari, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna egoera guztietan babesteko konpromisoa gauzatzeko eskaria" egitea. Lau: "neurri zehatzak" eskatzea erakundeei Jaizkibel konpainiaren aurkako "genero erasoak" errepika ez daitezen. Lau puntu horiek zituen mozio bat onduta zuen gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduk, eta horrexen defentsa egin du. Baina ez du aski babesik izan. Ordez, ordea, PSE-EEk aurkeztutako testua onartu da, hain zuzen ere, Bilduk emandako sostenguari esker. Haien jatorrizko testuaren ondoan, sozialistena "urrats txikia" dela esan dute Bilduko ordezkariek, baina aurrera urrats guztiak aintzat hartu behar direla orain bi hamarkada lehertu zen gatazka hau konpontzen ahalegintzeko. "Beranduegi heldu den urrats txiki bat da", adierazi du Ainhoa Beola batzarkideak.

PSE-EEren testuak irailaren 8an Hondarribian jazotako "istilu, eraso eta irain" guztiak gaitzetsi ditu, "bereziki" desfile parekideak jasandakoak. Eskatu du "berriro ez erabiltzeko talde baten aurka gorroto eta mespretxu adierazpenak, hala nola plastiko beltzak". Erakundeei eskatu die "bitarteko guztiak" jartzeko aurten jazo diren istiluak berriro ez gertatzeko eta aldaketari beldurrik ez izateko ere esan du. "Tradizioak herrien gizarte kohesiorako funtsezko elementuak izanik ere, haiek gure gizartearen balioetara egokitzeak, zehazki emakume eta gizonen berdintasunera egokitzeak, ez dakar inola ere tradizio horien aurka egitea".

EAJk beste testu bat aurkeztu du. "Bizikidetzaren kontrako ekintza oro errefusatzen ditu" testu horrek. Alardeen auzian "alderdikeria" kanpo uzteko eskatu du eta erakundeei esan die "elkarrizketa sustatzeko". Jeltzaleen aburuz, "genero ikuspegia" balioesteaz gain, "askatasunaren, errespetuaren eta legezkotasunaren" printzipioak oinarrizkoak dira elkarrizketa horretan. Plastiko beltzak ez ditu aipatu testuak, Jaizkibel ere ez. PSE-EEren testua onartu da, eta jeltzaleek ez dute mozioa bozkara eramateko erarik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.