Igandeko alardean plastiko beltzik ez ateratzeko eta alardea bera nahastuko duten ekintzak ez egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Hondarribiko (Gipuzkoa) alarde tradizionalaren antolatzaileei. Alarde parekideari ere egin dio eskaria: manifestazio itxuran ez joateko. Jaizkibel konpainiak gaur jakinarazi du aldarrikapenak idatziak dituen plastikorik gabe eta manifestaziorik egin gabe joateko asmoa duela aurten.
Azkeneko urteetan irudi bera errepikatu da Hondarribian. Emakumeak alardean ateratzearen aurkakoek plastiko beltzak eta aurpegia estaltzeko maskarak jantzita agertu dira parte zaharrean, Kale Nagusian batik bat. Alarde parekidea antolatzen duen Jaizkibel konpainiak, berriz, emakumeen eskubideak aldarrikatzen zituen pankarta batekin desfilatu du leku horretatik, atzetik alarde parekidearen aldekoak zituela, manifestazioan.
Bi alardeek baimenak eskatu ohi dizkiote Eusko Jaurlaritzari, desfilatzeko. Baimen horiei buruzko ebazpena eman du gaur eguerdian Jaurlaritzak. Ertzaintzako zuzendariak sinatu du agiria, eta nabarmendu du aurreko urteetan bi gertaerek nahastu dituztela irailaren 8ko ospakizunak: batetik, Kale Nagusian plastikoak eta maskarak erabiltzea —"Jaizkibel konpainiaren desfilea ikustea eragozten dute", ebazpenak dioenez—; bestetik, Jaizkibel konpainiak desfilatzen duela manifestazio bat balitz bezala, atzetik konpainiakoak ez diren kideak doazela.
Ertzaintzaren buruak agindua eman du herritarren segurtasuna bermatzeko eta, aldi berean, bai Jaizkibel konpainiak bai alarde tradizionalak dituzten eskubideak bermatzeko. Asmo horrekin, bi alardeen antolatzaileei eskatu die "ekitaldiak nahastuko" lituzketen ekintzak bazter uzteko.
"Neurri egokiak" hartzeko agindua alarde tradizionalari
Ildo horretan, alarde tradizionaleko antolatzaileei esan die "saiatu" behar dutela ibilbidean plastikoak "edo bestelako elementu fisikoak" ez jartzen. Agindu zehatza ere eman die: "Neurri egokiak hartuko dituzte Jaizkibel konpainiaren manifestazioen garapena ez eragozteko, batik bat Gernikako Arbola lorategietatik igarotzean". Jaizkibel konpainiari eskatu dio, berriz, konpainiarekin desfilatzen ez doazen pertsonak ez hartzeko bidean.
Bestalde, bi alardeen ordutegiak aldatzeko agindu du ertzainen buruak, eta desfilatzeko denborak zorrotz betetzeko eskatu die alardeen antolatzaileei. Jaizkibel konpainia 08:25ean abiatuko da Zumarditik; Gernikako Arbola plaza 08:55erako atzean uzteko ere agindu dio; Guadalupeko ermitako ekitaldia 09:30etik 10:30era mugatzeko eskatu dio; baita arratsaldeko desfilea 17:10ean hasi eta 18:30ean bukatzeko ere. Alarde tradizionalari, berriz, atzeratu egin dio arratsaldeko desfilearen irteera: 17:30ean irten beharrean, 17:50ean irteteko agindu dio.
Ertzaintzaren ebazpena jakin aurretik, Oarso Bidasoko Hitza-k azaldu duenez, Jaizkibel konpainiak dagoeneko jakinarazi du plastikorik gabe eta manifestazio itxurarik eman gabe desfilatzeko asmoa dutela igande honetan. Alarde parekidearen aldekoei eskaera egin diete: igandean ez joateko desfilearen atzetik manifestazioan; ibilbidearen kale bazterretan jartzeko eskatu diete.
Aurten bete dira hogei urte emakume talde batek lehen aldiz eskatu zuenetik alardean parte hartzea. Baimenik jasotzen ez zutenez, 1996an egin zuten alardean parte hartzeko lehen ahalegina. Jipoitu egin zituzten orduan. Hogei urtean, lehen aldia da Eusko Jaurlaritzak, zeharka bada ere, alarde izaera aitortzen diona Jaizkibel konpainia mistoari.