Ikus-entzunezkoak

Plataformetan euskararentzako kuota finkatzeko exijitu diote Madrili

Pedro Sanchezen gobernua prestatzen ari den ikus-entzunezkoen legean zehazten da Europako ekoizpenetatik %50ek gazteleraz izan beharko dutela, «edo erkidego autonomoetako beste hizkuntza ofizial batean».

Pantailak Euskaraz ekimenaaurkeztu zuten ekainaren 9an. Irudian, Iñigo Arandia, Aintzane Gamiz, Alex Aginagalde eta Patxo Larrinoa bultzatzaileak. GORKA RUBIO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 21a
18:10
Entzun

Hautsak harrotu ditu Espainiako Gobernua prestatzen ari den ikus-entzunezkoaren legearen egitasmoak. Kataluniako El Periódico egunkariak zabaldu duenez, lege asmoak zehazten du Europako film, telesail eta dokumentalen «gutxienez %50» gorde behar dela «Espainiako Estatuaren hizkuntza ofizialean edo autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetakoren batean dauden lanetarako». Testuak ez du zehazten zer kuota izango duten gaztelera ez diren hizkuntzek, eta, hortaz, kuota horretatik dena gazteleraz plazaratzea erabaki dezakete Netflix, HBO, Amazon eta bestelako plataformek, nahi izanez gero.

Beheralako erreakzioa sortu du filtrazioak, eta Sanchezen Gobernuari sostengua ematen dieten alderdi independentistek ohartarazi diote ez dutela legea onartuko, horrek ez badu zehazten hizkuntza bakoitzarentzat gorde beharreko kupoa.

Eusko Jaurlaritzak ere hitz egin du gaiaren inguruan, eta legean hizkuntza guztiak berdin tratatzeko eskatu dio Madrili. Bingen Zupiria eledunak adierazi duenez, Jaurlaritzak uztailean emendakinak aurkeztu zituen berdintasuna eskatzeko. Testua aurretik moldatzen ez bada, Espainiako Legebiltzarrean pasatu beharko duen tramitean aukera egongo da zuzentzeko, ohartarazi duenez.

Sanchezen Gobernuari Espainiako Kongresuan sostengua ematen dieten alderdi independentistetako eledunak gaiaren inguruan mintzatu dira, eta PSOEri ohartarazi diote hizkuntzak babestea «lerro gorri» bat dela. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak adierazi du testua onartezina dela dagoen moduan. Testuan aukera ematen diete plataformei gazteleraren eta beste hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko, «eta argi dago zein aukeratuko duten», esan du. «Diskriminazio argia da». Euskal ikus-entzunezkoen alorrak eginiko eskaerei entzungor egiten die testuak, Aizpuruaren arabera. Kongresura heltzen denean lege asmoari zuzenketa bat jarriko diola ohartarazi du.

Ildo beretik jo dute Kataluniako ERCk eta PdeCatek. Azken alderdi horretako eledun Ferran Belek mezu argia bidali dio Sanchezi: PSOEk legea bere horretan onartzen badu PP, Ciudadanos eta Voxen laguntzarekin, «legegintzaldiaren etorkizuna berriz osorik planteatu beharko du».

EAJk, ordea, nahiago izan du jarrerarik ez hartu Espainiako Gobernuak onartuko duen testua ezagutu arte. Halere, Madrili eskatu diote «gazteleraz ez diren kultur produktuak laguntzeko eta babesteko erregimen nahiko eta egoki bat».

Iñigo Errejonen Mas Pais taldeak ere esan dio PSOEri ez diola sostengurik emango egitasmoari, «hizkuntza koofizialen arazoa konpontzen ez badu».

Espainiako Gobernuak, berriz, bidea zabalik utzi du bestelako neurriak hartzeko hizkuntzak babesteko. «Gobernuak konpromiso osoa du hizkuntz koofizialak babesteko, gure herrialdearen aberastasunaren parte direlako», adierazi du Nadia Calviño lehen presidenteordeak. Datozen egunetan testua «txukuntzen» amaituko dutela gaineratu du.

Euskal Herrian hainbat egitasmo sortu dira azken hilabeteotan euskarak ikus-entzunezkoetan duen egoera aldatzeko. Izan ere, streaming plataformak zabaldu ahala, euskaraz ikus daitekeen edukien proportzioa izugarri txikitu da. Pantailak Euskaraz mugimendua sortu dute zenbait eragilek, ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia txikiarekin arduratuta. Horretan ari dira Netflix Euskaraz herritar taldea, Disney Plus Euskaraz herritar taldea, Tinko euskara elkartea eta Bieuse bikoizle euskaldunen elkartea, esaterako. Berriki sortutako Zinema Euskaraz herritar taldeak ere bat egin du haiekin.

Nazioarteko plataformei gaztelerarentzat kuotak ezartzea eta beste hizkuntzentzat berdin ez egitea eskema «etnozida» bat dela esan zion BERRIAri Enric Marin adituak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.