Gizartea

'Playa de Bakio' ontziko marinelek erreskateaz “ezer” ez dakitela adierazi dute

Fernando Andreu epailearen aurrean deklaratu dute gaur, Bilbon. Apirilaren 20tik 26ra atun itsasontzia bahituta eduki zuten lau piratek, Somalian.

2008ko ekainaren 13a
15:05
Entzun
Playa de Bakio ontziko bost marinelak Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu dute gaur, Bilbon, eta, haiek azaldu dutenez, ez dakite “ezer” erreskatearen inguruan.

Itsasontzian egon ziren bost euskal herritarrak deitu ditu epaileak 10:00etarako. 09:00etan iritsi da Andreu epailea, eta bost marinelak 10:00etan, senitartekoez lagunduta. Hogei minutu inguru egin ditu bakoitzak deklaratzen, eta “ia gauza bera” kontatu diotela adierazi dute. Bost marinelek bahiketan bizitakoa gogorarazi dute eta, Jaime Candamil marineletako batek azaldu duenez, “eraso fisikorik egon ez zen arren, psikologikoki infernua izan zen”. Animoz oraindik “ahul” badaude ere, "laster" itsasora aterako direla jakinarazi dute.

Candamil ez da oso itxaropentsu agertu justiziarekin. Haren arabera, gaurko deialdia “tramite hutsa” baino ez da izan.

Playa de Bakio atun itsasontzia pasa den apirilaren 20an bahitu zuten pirata batzuek Somaliako kostaldetik 250 miliara, nazioarteko uretan. 26 pertsona zeuden ontzian, eta tartean Mikel Arana, Jaime Francisco Candamil, Gotzon Clemos, Iñaki Lopez eta Juan Pedro Sesma euskal herritarrak. Gainerakoak, Galizia -hemengoak uztailaren 20an hartuko ditu epaileak-, Ghana, Madagaskar, Senegal eta Seychelleetakoak ziren. Lau piratek ontzia hartu zuten granada-jaurtigailuak eta metrailadoreak erabiliz. Bahitzaileek adierazi zutenez, dirua zen euren helburua.

Espainiako Gobernuarekin negoziatzen aritu ziren astebetez, eta apirilaren 26an aske geratu ziren 26 marinelak. Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak ez zuen negoziazioaren inguruan inongo xehetasunik eman egun horretan: "Diplomaziarekin lotutako hainbat ekimenek ekarri dute amaiera zoriontsu hau. Hauxe da dagoena, eta esan dezakedan guztia", adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.