euskal presoak

Plazak beteta, euskal presoen eskubideen alde

Herrira mugimenduak, Goazen Plazara ekimenaren bitartez, 200 deialdi baino gehiago egin ditu gaurko. Eguraldia lagun izan ez badute ere, milaka lagun irten dira Euskal Herriko plazetara. "Presoen oinarrizko eskubideak gako politikoekin" ez nahasteko eskatu dio Herrira-k Espainiako Gobernuari.

2012ko maiatzaren 19a
19:08
Entzun

Milaka lagunek Euskal Herriko plazak bete dituzte gaur, Herrira mugimenduak euskal preso politikoen eskubideen alde plazak betetzeko egindako deialdiari babesa adieraziz. Goazen Plazara ekimenaren bitartez, guztira 227 deialdi egin ditu mugimenduak. Deialdi guztiak ikusgai, hemen.

Gasteizen egindako agerraldian Manu Ugartemendia Herrira-ko kideak Espainiako Gobernuari eskatu dio "presoen oinarrizko eskubideak gako politikoekin" ez nahasteko. Euskal Herrira begira dezan eskatu dio, "gizartearen gehiengoak bake prozesuaren aldeko pausoak eskatzen dituela ikusteko".

"Inork ez du sakabanaketa mantentzea ulertzen, ezta gaixo dauden presoek espetxean jarraitzea ere, ezta bizi bitarteko kartzela bezalako erabaki politikoak egotea ere", esan du.

Herrira-ren ustez, "nabarmena da euskal gizartearen gehiengo zabalak bere egiten duela euskal preso politikoen oinarrizko giza eskubideen errespetatzeko eta kartzela politika bake prozesuaren premiei egokitzeko eskaria, eta gobernuengan jarriak direla begirada guztiak, pauso baikorrak eman ditzaten". Horixe erakusten du, elkartearen irudiko, gaur herriz herri egingo duten Goazen Plazara ekinaldiak jaso duen atxikimendu sortak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.