Hemen beti dantzatu izan gara horrela». Gisa horretako adierazpenen gerizpean, Euskal Herri osoko plazetatik kanpo utzi nahi izan dituzte hainbat emakume XX. eta XXI. mendeetan. Tradizioa, folklorea eta historia kontzeptuak, euskal dantzei sexuaren marka eransteko zuribide bihurtuta. Tradizio horiek, baina, ba al dute oinarri historiko sendorik? Egia al da emakumeak, dantzari ez, «dantzatuak» izan direla dioen mitoa? Eta ororen gainetik: hori guztia benetakoa balitz ere, zilegitasuna kenduko lieke plazara atera nahi duten emakumeen aldarrikapenei?
Aurreko galderei ezezko borobil batekin erantzun die Oier Araolaza dantzari eta ikerlari eibartarrak: «Emakumeak betidanik dantzatu dira, eta ez laguntzaile gisa edota dantza sozialetan bakarrik, baita dantza prozesionaletan eta erritualetan ere. Corpus eguneko prozesioetan, herrietako festetan, dantza erlijiosoetan... Horietan guztietan, emakumeek dantza egin izan dute. Oztopo eta arazoei aurre eginez, baina dantzatu dira».
Araolazaren esanetan, dokumentu historiko ugarik jasotzen dute emakumeek parte hartu dutela herri dantzetan. Mendez mende, ordea, debeku eta mespretxuak gainditu behar izan zituzten, bizitza publikoan normal parte hartu ahal izateko. «XVII. eta XVIII. mendeetan, debeku gogorrak ezarri zituzten. Iruñeko diozesiko gotzainak ezarritakoa, adibidez: han, espresuki adierazten zen emakumeek ezin zutela parte hartu dantza erlijioso eta prozesioetan. Era horretan, dezente murriztu zuten emakumeen presentzia. Ez zuten lortu, hala ere, errotik erauztea».
2015. urteko festetan lehen aldiz, emakumeek ere parte hartu ahal izan zuten. Juan Carlos Ruiz, Foku
XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, debeku zuzenaren ordez, beste estrategia bat nagusitu zen: ukazioa. «Askoz eraginkorragoa», adituaren ustez: «Behin eta berriz errepikatzen zuten emakumeak ez zirela inoiz dantzatu. Tradizioak ez zuela halakorik jasotzen. Eta dantza tradizioz egiten den gauza bat den heinean, askok amore eman zuten. Tradizioak ez badu aintzat hartzen, ez duzu egiten. Eta kito». Araolazaren arabera, XX. mendean lortu zen emakumeak dantza erritualetatik ia erabat zokoratzea, haientzako propio prestatutako dantzak, urratsak eta jantziak asmatuta. Generoan oinarrituriko konstrukzio lana izan zen hura.
Mende horren bukaeran eta, batez ere, XXI.aren hastapenetan hasi da aldaketa gauzatzen, poliki-poliki bada ere. Hainbat herritan, gero eta ohikoagoa da emakumeen parte hartzea, baita gizonezkoek propiotzat hartzen zituzten dantzetan ere. Adituaren esanetan, berdintasunaren aldeko aldarriak «erresistentziak eta ika-mikak» sortu ditu toki askotan, baina handituz doa sexu bazterketarik gabeko dantzen kopurua. Aurten, esate baterako, lehenengoz parte hartu dute emakumeek Asteasuko eta Bergarako sokadantzetan (Gipuzkoa).
Araolazak aitzindaritzat jo ditu, besteak beste, Andoaingo azeri dantza eta Lizartzako inauteri dantza (Gipuzkoa). 2000. urtean hasi ziren Andoainen bazterketarik gabeko dantzak sustatzen; Lizartzan, berriz, lau urte geroago. «Ez dira oihartzun handia izan duten tradizioak, baina horrek ez du esan nahi aitzindariak izan ez direnik. Beren gorabeherak, erresistentziak eta barne gatazkak izan zituzten, baina distiratsu ageri dira gaur egun. Kasu horietan, gainera, emakumeek urteetan eginiko borrokari esker lortu da parekidetasuna. Eta txalogarria da hori».
"Egokitzeko gaitasuna da tradizioak bizirik mantentzen dituena: lehen egin ez izanak ez du justifikatzen orain ez egitea"
Oier Araolaza
Iruñeko Duguna dantza taldean ere, XXI. mendeko lehen hamarkadan hasi ziren emakumeen parte hartzeaz eta parekidetasunaz gogoeta egiten. 2006. urtean, proba saioak elkarrekin egiten hasi ziren emakumeak zein gizonak. «Gure dantza taldeak generoaren inguruan egindako gogoeta prozesu luzearen lehen urratsa izan zen hura», gogoratu du Duguna-ko kide Izaskun Arriaranek. «Dantzari guztiok berdin ikasten genuen errepertorio osoa, baita nesken eta mutilen dantzatzat hartzen ziren horiek ere».
Hiru urte geroago, 2009an, beste urrats bat egin zuten: ezpata dantza propioa sortu, eta iraileko sanfermin txikietan estreinatu zuten. Emakumeek zein gizonek dantzatzen dute, sexu bereizkeriarik gabe.
«Denok gara dantzari»
Bide horri jarraikiz, Duguna dantza taldean beste dantza propio bat ere sortu dute berriki; oraingoan, sanferminetako egun handietan dantzatzeko: trokeo dantzak. «Hainbat egitura koreografiko dituen dantza sorta da, eta bakoitzari material bat dagokio: arkuak, makilak, ezpatak... Neskek nahiz mutilek osatutako zortzikote batek eta bobo pertsonaiak osatzen dute dantzari taldea», azaldu du Arriaranek.
Generorik gabeko jantzi propioa ere estreinatu dute aurten. Hala, dantzari guztiek, gizonezko nahiz emakumezko, elementu berberak daramatzate soinean: gona, zintzarriak, eskapularioak eta kapela loreduna. Arriaran: «Gurean oso argi dugu dantzaria dela dantzaren muina. Eta dantzariak, berriz, neska, mutil edo genero jakin batekin identifikatzen ez garen pertsonak gara. Horregatik, emakumeok ez diogu uko egingo gurea den lekuari. Dantza ekintza politikoa delako, bere adiera zabalenean».
Duguna dantza taldeko dantzariak Iruñeko Udaletxe plazan, sanferminetan, generorik gabeko jantziak soinean. Duguna
Duguna-ren trokeo dantzek Euskal Herriko eta Europako dantzetan eta tradizioetan dute oinarria. Taldekideen ustez, tradizioari eusteak ez baitu esan nahi ohiturak berritzeari eta gaurkotzeari bizkarra eman behar zaionik. «Kontrara. Guretzat, tradizioaren ezaugarri nagusia, hain zuzen ere, birsortzeko, eraldatzeko eta garai berrietara egokitzeko duen gaitasuna da», berretsi du Arriaranek. Haren esanetan, tradizioa ez da aldaezina: «Praktika maskulino hegemonikoak justifikatzeko argudio historizistak erabiltzen dituenak jakinen du zergatik egiten duen. Guretzat, tradizioa aukera da, ez bazterketa».
"Emakumeok ez diogu uko egingo gurea den lekuari, dantza ekintza politikoa baita, bere adiera zabalenean"
Izaskun Arriaran
Ikuspegi horrekin bat eginez, tradizioei zentzu hertsienean eusteko joerak «gutxienekoak» direla uste du Araolazak: «Errepara diezaiegun gure herrietako festei: ez dago tradizio bat bera ere denborarekin aldatu ez denik».
Harago doa dantzari eibartarra: «Absurdua da esatea 'hau ezin da egin, tradizioz ez delako inoiz horrela egin'. Faltsua da. Egokitzeko gaitasunak mantentzen ditu bizirik tradizioak. Lehen egin ez izanak ez du justifikatzen orain ez egitea. Aitzitik, gizarteak interes, premia edo balio berriak baldin baditu, horiek tradizioetan barneratu behar ditugu, tradizio horiek osasuntsu eta oparo mantentzeko. Bestela, fosildu egiten dira. Eta desagertu».
Baztan. Enkistatu den bazterkeria
Emakumeek urteak daramatzate Baztango herrietako mutil dantzetan tokia eskatzen. 2011tik, «dimentsio politikoa» hartu du auziak.
I. Orzaiz
Duela hamar bat urte gaiztotu zen Baztango (Nafarroa) mutil dantzen inguruko eztabaida. Arazoak, ordea, erro sakonagoak ditu, hango bizilagunen arabera. «2011n egin zen publiko arazoa, eta oihartzuna izan zuen, baina horrek ez du esan nahi bazterketa orduan hasi zenik», azpimarratu du Plazara Dantzara taldeko kide Maitane Maritorena baztandarrak. «Aurretik ere, hainbat eraso pairatu zituzten mutil dantzetan parte hartu nahi zuten emakumeek: neska bat dantzara sartzen zelarik, plazako argia mozten zuten, txistulariek musika jotzeari uzten zioten, oihu egiten zieten... Arazoa hor zegoen, baina ingurukoek bakarrik genuen horren berri».
2011n, ordea, Bildu iritsi zen Baztango alkatetzara, eta emakume batek hartu zuen aginte makila: Garbiñe Elizegik. Auziak «beste dimentsio bat» hartu zuen orduan. Alkateek eta udal hautetsiek ohitura dute, herrietako festetako egun handian, mutil dantzetan parte hartzeko. Alta, Elizegi saiatu zenean Elizondoko santioetan dantzatzen, irainak eta mespretxuak egin zizkioten.
«Ordezkari publiko batek irainak jaso izanak oihartzun handia izan zuen: telebistan agertu ginen, egunkarietako azaletan...», gogoratu du Maritorenak. Zenbait hedabideren aldetik jasotako tratuarekin kexu azaldu da Plazara Dantzara taldeko kidea: «Min handia eman digute hedabide batzuetan azaldutako lerroburuek. Batez ere, Nafarroako egunkari ezagun batenak. Erasotzaileak biktima gisa aurkeztu dituzte, eta iraindutako emakumeak, berriz, mutil dantzak boikotatzera eta izorratzera etorritako kuadrilla bortitzen gisara».
Elbeten, oihuak eta irainak jaso zituen Baztango alkate Garbiñe Elizegik 2013an, dantzatzen hasteagatik
Elizondon piztutako polemikaren ostean, mutil dantzak «pribatizatzeko» saioa antzeman du Maritorenak, gizonezkoei soilik erreserbatutako dantzaldiak antolatu baitzituzten eskualdeko beste herri batzuetan. Orduantxe sortu zen Baztango Mutil Dantzari Taldea ere. Sustatzaileek azaldu zutenez, talde sortu berriaren helburu bakarra da «Baztango dantzarik nabarmenena ezagutaraztea» eta «aitzineko belaunaldiak aurreko mendeetan dantzatzen zuten bezala dantzatzea». Hor dago koska. Tradizioa nola ulertzen duten batzuek eta besteek.
Aurkezpen oharrean, Baztango Mutil Dantza Taldekoek ez zuten ezer aipatu emakumeen parte hartzeaz. Areago: taldean izena emateko deia zabaldu zieten herritar guztiei. «Izena ematea libre zela esaten zuten, baina hainbat emakume sartzen saiatu ginen, eta ezezkoa eman ziguten. Elkarteko kide izan gintezkeen, baina dantzatu gabe», gogoratu du Maritorenak.
2013an, eztanda egin zuen auziak, Elbeteko festetan. Udalari eginiko gonbidapenari erantzunez, mutil dantzak ikustera joan ziren Bilduko bi hautetsi: emakumezko bat —Elizegi alkatea bera— eta gizonezko bat: Jon Elizetxe zinegotzia. «Baztango Mutil Dantzari Taldea dantzan hasi zen, eta Jon [Elizetxe] sartu zen dantzara. Ez zen ezertxo ere gertatu, eta dantzan segitu zuten denek. Halako batean, Garbiñe [Elizegi] ere batu zitzaien, eta orduan jendea oihuka eta irainka hasi zitzaion, dantzariek alde egin zuten eta bi zinegotziak bakarrik gelditu ziren dantzan».
Urte hartan, mutil dantza baztertzaile gehiago antolatu zituzten Baztango beste herri batzuetan, eta istiluak piztu ziren guztietan. Pixkanaka, ordea, lekua irabazi dute dantza egin nahi duten emakumeek. Gaur egun, Baztango hainbat herritan egiten dituzte mutil dantza parekideak. Elizondon, berriz, errotuago dago arazoa. «Enkistatu egin da», Maritorenaren esanetan. «Mutil dantza ofizialak, publikoak direnak, herriko plazan egiten dira, emakumeen parte hartzearekin; eta baztertzaileak, berriz, Elizak herriari ebatsitako lursail pribatu batean».
Izan ere, Plazara Dantzara taldeko kidearen ustez, «dirudien baino askoz erro sakonagoak ditu» mutil dantzen aferak: «Ez da dantza bati buruzko polemika hutsala. Politika da, eta dena blaitzen du. Dantzaren esparruari bakarrik eraginen balio, batzuk ez lirateke hainbeste asaldatuko emakume batek plaza zapaltzen duenean».
Luzaide. Eskubidea bozketagai
Emakumeen parte hartzeari buruzko galdeketa egin zuten Luzaiden 2016an. Baiezkoak irabazi zuen arren, kritika ugari jaso zituen prozesuak.Luzaideko bolantak, gizonak nahiz emakumeak, Iruñean. Irugo Uriz, Foku.
I. Orzaiz
Baztanen piztutako polemika mikatza ikusita, auzia beste modu batera bideratzeko asmoa agertu zuen Luzaideko Bolanten batzordeak (Nafarroa), 2016. urtean. Ordura arte, gizonezkoek soilik egiten zituzten jauziak Luzaideko Bolanten Egunean, baina dantza taldean gero eta gizonezko gutxiago izateak bultzatu zuen bide aldaketa. Hala azaldu zuen orduan Jon Arrikaberri batzordeko kideak: «Dantza batzuk egiteko ezin ditugu taldeak sortu, mutilen kopurua eskasa delako».
Orotara 150 pertsona inguruk eman zuten botoa bozketa hartan. Herrian erroldatuek, dantzariek eta dantzari ohiek zuten botoa emateko aukera, eta hiru laurdenek bozkatu zuten emakumeek parte hartzearen alde. Horren kontra azaldu ziren boto emaileen %20, eta botopaperen %5 baliogabeak izan ziren.
Gainera, emakumeen parte hartzeaz ez ezik, janzkeraz ere galdetu zuten: botoa eman zutenen %65ek adierazi zuten «neskek gona jantzi behar zutela»; %18ren arabera, andrazkoek «Bolantaren pertsonaia ordezkatu beharko lukete» —ordura arte gizonek egiten zutena—, eta %17k uste zuten «beste jantzi bat» asmatu beharko litzatekeela propio emakumeentzat. Luzaideko Bolanten batzordeak emaitzak errespetatu zituen, eta hurrengo urteko Bolant Egunean, 2017ko apirilean, emakumeak aurrenekoz dantzatu ziren jauzietan.
«Ez dugu baimenik behar»
Emakumeen parte hartzea bermatu bazen ere, Luzaideko Bolanten batzordeak aukeratutako prozedurak hautsak harrotu zituen. Plazara Dantzara elkarteak, adibidez, gogor kritikatu zuen galdeketa, nabarmenduz eskubideak ezin direla bozkatu: «Emakumeon eskubideak urratzen ahal dituzten edo ez erabaki nahi dute, baina urraketak ezin dira demokraziaz mozorrotu», adierazi zuen elkarteak, ohar batean. Plazara Dantzara-ren esanetan, emakumeek ez dute «inoren baimenik eskatu behar» plazetan dantza egiteko: «Ez dugu onartu behar bertzeek erratea zer jantzi behar dugun». Azkenik, hainbat galdera planteatu zituen elkarteak, gogoeta bultzatzeko xedez: «Zer gertatuko litzateke Luzaiden eginiko galdeketan 'neskak' paratzen duen tokian 'beltzak', 'ijitoak', 'homosexualak', 'transexualak' edota 'errefuxiatu siriarrak' paratuko bagenu? Eskandalagarria litzateke, onartezina».
Durangaldea. Ez neska, ez mutil: dantzari
Durangoko, Berrizko, Mañariko eta Iurretako dantzari dantza parekideak eredu bihurtu dira Euskal Herri osoko dantza taldeentzat.
I.O.
Euskal Herri osoko dantza taldeentzat erreferente garrantzitsuak dira Durangaldeko dantzari dantzak (Bizkaia). Alde batetik, talde gehienen errepertorioan daudelako; bestetik, eskualdeko konpainia eta taldeak genero berdintasunaren aldeko borrokan ere nabarmendu direlako.
2015eko sanfaustoetan hasi ziren bidea urratzen: urte hartan, emakumeek lehen aldiz dantzatu zuten dantzari dantza Durangoko egun handian. Kriskitin, Tronperri eta Txoritxu Alai dantza taldeek egin zuen urratsa. Aurretik dantzatua zuten dantzari dantza inauterietan, edota kanpora egindako bidaietan; ez, ordea, herriko jaietako egun handian. Lau gizonek eta lau andrek osatu zuten zortziko hura.
Durangoko adibideari segika, parekidetasuna heldu zen Berriz (2016) eta Mañaria (2017) herrietako dantzari dantzetara ere. Iurreta izan da sexu bereizketarik gabeko dantzak hartu dituen azken plaza. Bakixaoko sansebastianetan izan zen, iragan urtarrilaren 22an.
Dantzari belaunaldi berri bat dantzan hastearekin batera etorri zen berritasun historiko hori ere, taldea halako bazterketarik gabe osatu baitzen. Dantzari dantza Iurretako Mikel Deuna dantza taldeko dantzariek dantzatzen dute Bakixaon, eta horietako batek, Olatz Plazaolak, hala azaldu zion Anboto.org agerkari digitalari: «Bakixako jaietan belaunaldi ezberdina estreinatu da; neskek zein mutilek izan dute aukera dantza guztiak egiteko». 14 eta 18 urte bitarteko dantzariak aritu ziren: zazpi neskak eta mutiko batek. Aurreko belaunaldiak hamabost urtez egin zuen dantzan, eta belaunaldi berria hiru urtez aritu zen entseatzen, erreleboa hartu aurretik. «Guk dantza guztiak erakutsi dizkiegu, bereizketarik gabe, gero haiek nahi zutena dantzan egin ahal izateko», azaldu zuen Mikel Deuna taldeko dantzariak. Heldu den urrian, berdintasunaren bidea urratzen segituko dute Iurretan, sanmigeletan.