Berrikuntza aro betean da BERRIA. Hamar egunean euskarazko kazetaren webgunea eta papereko edizioa, Badok.info eta herrialdeetako Hitzen papereko edizioa berritu ditu BERRIA Taldeak. Eta berrikuntza horien guztien harira, Lander Garrok film labur bat egin du: Eguneroko plazer txikiak.
Film laburra aurreko astean zen grabatzekoa, baina eguraldiak ez zuen lagundu, eta atzeratu behar izan zuten. Hendaiako Ondarraitzen grabatu dute. 3:14 irauten du. Zuzendaritzaz gain, gidoia ere Lander Garrorena da. Aktoreak Miren Gaztañaga, Ramon Agirre, Ibai Lekuona eta Oier Racero dira. Kamera lanetan Santi Cuartango izan da, eta soinuarekin, Beñat Gantxegi. Ekoipena Ainara Lasarena da.
BERRIAren webgunea joan den maiatzaren 27an berritu zen. Itxura berria du harrezkeroztik, eta pixkanaka webguneko talde teknikoa ari da etengabe hori hobetzen. Papereko edizioa, berriz, larunbateko egunkariarekin atera zen kalera, eta biharamunean igandeko BERRIA atera zen. Badok.info ataria ere berritu zuten. Berrikuntza guztiak maiatzaren 29an aurkeztu zituzten Donostiako San Telmo museoan egin zen jaialdian.