Ikusle gehiago, parte hartze handiagoa eta izaera herrikoi eta konprometitua. Horiek izan dira 2016ko sanferminen ezaugarri nagusiak Iruñeko alkate Joseba Asironen aburuz.
"Iaz, hiru helburu ezarri genizkion geure buruari 2016ko sanferminetarako: jai eredu konprometitua, parte hartzailea eta herrikoia sustatzea. Hein handi batean, lortu dugula uste dut», azaldu du Asironek, sanferminen gaineko irakurketa eta txostena aurkezteko agerraldian. Harekin batera, hedabideen aitzinera azaldu dira Kultura, Hizkuntz Politika, Hezkuntza eta Kiroletako zinegotzi Maider Beloki; Herritar Segurtasun eta Bizikidetzako zinegotzi Aritz Romeo; eta Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi Laura Berro.
Festen izaera herrikoia berreskuratzeko bidean, zenbait urrats nabarmendu ditu alkateak: besteak beste, txupinazoa jaurtiko zuen pertsona bozketa bidez aukeratu izana, hiriburuko hainbat guneren kudeaketa herri kolektiboen esku uztea eta Sanferminetako Mahaia askotariko talde eta elkarteri zabaldu izana.
Sexu erasoak ikusarazten
Sanferminen alde txarren artean, sexu erasoak azpimarratu ditu Asironek. Guztira, 16 salaketa jarri dituzte, indarkeria matxistari lotuta: bost salaketa, sexu erasoengatik (lau eraso eta eraso saio bat); eta beste 11, gehiegikeria edo abusuengatik (ukitzeak, batez ere). Alkateak gogorarazi du, hala ere, eraso bortitzen kopuruak ez duela nabarmen gora egin (lau salaketa izan ziren iaz, eta bost 2014an); bai, ordea, salatutako ukitzeak edo irainak.
Halakoak ere erasoak direla eta horiek ikusarazteko beharraz hitz egin du Iruñeko alkateak: "Iruñea erreferente bihurtu da, eraso sexisten aurkako borrokari dagokionez. Herritarren erantzunari, erakundeek erakutsitako batasunari eta, batez ere, kolektibo feministek urteetan eginiko lan nekaezinari esker, hasiak gara arazoa ikusgai jartzen". Salaketak jartzearen garrantzia ere azpimarratu du Asironek. "Biktimak animatu egin behar ditugu salaketak jartzera, arazoa ikusgai egin behar dugulako, eta gure inguruko hiriak ere animatu nahi ditut, bide beretik joan daitezen".
Alkateak txalotu egin du, halaber, sexu erasoen biktimek erakutsitako "adorea" eta baita herritarren sostengua ere. Uztailaren 7ko eta 11ko elkarretaratzeetan, milaka pertsona bildu ziren Udaletxeko plazan eta Gazteluko plazan. Sexu erasoen aurkako informazio guneak, berriz, aurreikuspen guztiak gainditu ditu, 7.475 pertsona artatuta. %118ko hazkundea izan du informazio gunera joan direnen kopuruak, eta, horrez gainera, sexu erasoak identifikatu eta horien aurrean egin beharrekoa azaltzen duten 20.000 gida banatu dituzte, lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez).
1,5 milioi parte hartzaile ekitaldi ofizialetan
Gutxi gorabehera, 1,5 milioi pertsonak parte hartu dute aurtengo egitarau ofizialeko kontzertu, ekitaldi nahiz ikuskizunetan (iaz baino 13.000 gehiago, udalaren arabera). Horiez gainera, herri kolektiboei utzitako espazioek (Basotxoa, Takonera, San Frantzisko, Errekoletak eta San Jose) 100.000 ikusle erakarri dituztela nabarmendu du Joseba Asironek.
Suen lehiaketa izan da ikuskizunik jendetsuena, 424.000 ikuslerekin; eta haren atzetik egon dira Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa (185.000 ikusle) eta Gazteluko plazako dantzaldiak (140.000 pertsona). Jazzfermin egitarauak ere arrakasta handia izan du, Konpainia plazara mugitzearen ondorioz: 10.300 ikusle, iaz baino 7.000 gehiago. "Gazteluko plaza dantzaldietarako gune bihurtzea eta jazz kontzertuak lekuz aldatzea ideia onak izan zirela frogatu dugu, ikusleen gorakada ikusita", esan du alkateak.
Estreinakoz, gainera, haurrentzako programazioa ele biz eskaini du Iruñeko Udalak. 11.500 pertsona joan dira, besteak beste, txotxongiloen antzerki saioak ikustera.