Krisiak Nafarroan izan dituen ondorioak agerian utzi ditu Berdintasunerako eta Gizarteratzerako Ikerketa Zentroak egin duen lanak. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu dute txostena gaur. Haren arabera, gizarte ezberdintasunaren maila nahiko apala da, baina pobrezia larria bikoiztu egin da azken urteotan herrialde horretan. 2007tik 2011 bitarteko epea jorratu dute txostenaren egileek. Pobrezia larrian bizi diren herritarren kopurua %2,8 ingurukoa zen 2008an; eta %4,2koa 2009-2010ean. 25.000-30.000 pertsona bizi da Nafarroan pobreziaren mugatik beheiti.
Krisiak bereziki ukitu ditu bakarrik bizi diren pertsonak, lanik ez dutenak, eta kide anitz dituzten familiak. Emakumeen artean, halaber, nabarmenagoa da pobrezia larriaren eragina, gizonezkoen artean baino. Txostenak argi utzi du pobreak gero eta pobreago direla Nafarroan, eta pobrezia atzean utzi ahal izateko, egun dituzten diru sarrerak bikoiztu egin beharko lituzketela.