Atzo erregistratu zuten hamar neurri biltzen dituen txostena, EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren, PPren, UPDren, Podemos-Ahal Duguren, Ezker Batuaren eta Equoren egoitzetan, Bilbon. Otsailaren 28ra arteko epea eman diete erantzuteko. "Ondoren, bakoitzak hartu duen konpromiso mailaren berri emango diogu gizarteari", azaldu dute Donostian Rosa Garcia Kaleratzeak Stopeko kideak eta Alex Oiartzabal erretiratuak.
Hainbat datu ekarri dituzte gogora neurriak aurkeztu aurretik: 250.000 familia bizi dira EAEn prekaritatean, eta 240.000 pertsona pobrezian. Hilean 60 etxe kaleratze egiten dira, "gehienak Kutxanbakek".
Hamar neurriak
1- EAEko Etxebizitza Legea onartu eta etxebizitza duin baterako eskubide subjektiboa jasotzea, auzitegietan eskatzeko balio dezan.
2- Parke publikoa. Gaur egun, 50.000 lagunek baino gehiagok egina dute alokairu sozialerako eskaera. Horien beharrak bermatzeko adinako alokairu sozialerako etxebizitza parke publikoa egitea.
3- Alokabideren araudiak berrikustea.
4- Banku praktika egokien kode berri bat onartzea, eta betetzen ez dutenen zerrenda publiko egitea.
5- Kontsumitzaileen babeserako Europako araudia betetzea.
6- IRPH hipoteka maileguen erreferentzia indizea bertan behera uztea.
7- Baliabiderik ez duten familiei gasa, argindarra eta ura moztea legez debekatzea.
8- Kutxabanken pribatizaziorantz egindako urratsak bertan behera uztea.
9- Gizarte laguntzarako aurrekontuak handitzea, iruzur fiskalari aurre egitea eta zerga sistema aldatzea.
10- Etxe kaleratzerik gabeko herriak izendatzea, udalek horretarako neurri zehatzak bete ondoren.