EAEko Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusi Roberto Uriartek azkeneko egunetan harreman ugari izan du estatuko zuzendaritzarekin maiatzeko foru hauteskundeei buruz, eta erabiliko duten formularen erabakia orduotan jakinaraziko zutela ematen zuen. Baina Uriartek gaur BERRIAri esan dionez, erabakia "pixka bat atzeratu" egin dute. Epe aldetik, ordea, premia handia dute.
Espainiako Podemosen zuzendaritzaren joan den azaroaren 29ko dokumentu batek zioen aukera ona litzatekeela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeetara hautesle elkarteen bitartez aurkeztea. Urte hasieran, foru bozetan izateko "lehen aukera" hautesle elkarteena zen. Ondoren, erkidegoetako zuzendaritzak hautatzeari ekin zion alderdiak –otsailaren 14an aukeratu zituzten–, eta orain maiatzeko hauteskundeei begira daude erabat.
Podemosen azaroko Herritarren batasuneko udal hautagaitzen parte hartzeaz txostenak zioen elkarteena formula interesgarria dela herrialdeko instituzioetan ere parte hartzeko. "Bereziki" aitortu zuen "baliabideak kudeatzeko gaitasunik handiena" duten diputazioetako eremuen kasuan dela hori bultzatzeko modukoa: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eta Kanaria uharteetako kabildoen kasuan.
Podemosek aspalditik du erabakia udal bozetara, aurkeztekotan, hautesle elkarteen bidez aurkeztuko dela, baina leku batzuetan propio sortutako beste alderdi bat sortu dute; Gasteizen, adibidez. Erkidegoetara —Nafarroan, kasurako—, Podemos bezala joango dira. Forukoetara nola aurkeztu du erabakitzeko. Haietan Podemos bezala joatea da beste aukera bat. Hautesle elkarte bezala joateko sinadura bilketaren epea martxoaren 31tik apirilaren 20ra izango da. Maiatzaren 24an izango dira hauteskundeak.
Nafarroan martxoaren 31n jakingo da nor izango den gobernurako lehendakarigaia. Laura Perez Ruano idazkari nagusiak oraindik ez du esan alderdiko primarioetan aurkeztuko den ala ez.