EAEko Podemos-Ahal Dugu eta alderdiaren zuzendaritza nagusia arratsaldeko seietatik bilduta daude. Roberto Uriarte EAEko idazkari nagusiak batzarren aurretik esan du "igual" egongo dela erabakiren bat. "Gauza asko" dauzkate erabakitzeko, haren hitzetan. Hasteko, Uriarteren arabera, maiatzaren 24ko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru bozetara aurkeztu ala ez deliberatuko dute, oro har oraindik ez baitute jarrera finko bat horretaz. Eta aurkeztea erabakitzen badute, nola joan, zer formularekin.
EAEko Podemosek alderdiaren izenarekin aurkeztu nahi du. Baina zuzendaritza nagusiaren balekorik ez dauka, gaur egun behintzat. Marka propioarekin ez bada, badituzte beste aukera batzuk: hautesle elkarteak sortzea, "herritar batasuneko" hautagaitzak eratzea —koalizio gisa, kasurako; "sigla batuketa saihestuz", Uriartek dioenez— edo alderdi "instrumentala" sortzea.
Zuzendaritza nagusiaren joan den azaroaren 29ko dokumentu batek dio aukera ontzat ikusten duela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozetara hautesle elkarteen bitartez aurkeztea eta, ofizialki bederen, ez du jarrera aldatu. Uste du elkarteena formula interesgarria dela herrialdeko instituzioetan parte hartzeko. Txostenean "bereziki" aitortu zuen "baliabideak kudeatzeko gaitasunik handiena" duten erakundeen eremuen kasuan dela hori bultzatzeko modukoa: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru eremuen eta Kanaria uharteetako kabildoen kasuan.
Hautesle elkarte bezala aurkeztuko balira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barruti bakoitzeko hauteskunde erroldaren gutxieneko %1eko sinadura kopurua behar da hautagaitza aurkezteko; udalekoetan baino askoz gutxiago dira. Araban hiru barruti daude, eta Bizkaian eta Gipuzkoan launa.
Podemosen Espainiako zuzendaritzak ez dirudi EAEko foru hauteskundeez hitz egiteko gogo handirik duenik. Adibidez, atzo Pablo Iglesias idazkari nagusiak Europako Parlamentuan hedabideen aurrean gai batzuez adierazpen batzuk egin zituen, eta bukaeran ETBko kazetariak EAEko foru bozei buruz galdetu zionean, buelta eman eta alde egin zuen, deus esan gabe.