Seguru asko, Euskal Eskola Publikoaren Legea (EEPL) izan da, Eusko Legebiltzarra 1980an eratu zenetik, harrabots handiena atera dutenetako bat. Aldeko eta kontrako iritziak bildu zituen, eztabaida sutsuak sorrarazi zituen, eta zenbait herritan liskar eta ezinikusi askoren iturri ere izan zen, batez ere, herri horietako ikastolak publiko bilakatu edo izaera pribatuari atxikitzeko hautua egitera behartuta egon zirenean. Otsailaren 19an hogei urte beteko dira lege hori onartu zenetik.
Geroztik, orduan irekitako zauriak neurri batean orbaindu eta gatazkak sano baretu dira, baina eztabaida ez da apaldu. Irakaskuntza hizpide da oraindik, are gehiago garai hauetan, diru murrizketek hezkuntza ere mehatxatzen dutenean.
Inguruko herrialde gehienetan, irakaskuntza arautuaren eskema nahiko antzekoa izaten da. Alde batetik, eskola publikoa dago, estatuaren menpekoa, doako irakaskuntza jasotzeko oinarrizko eskubide unibertsala bermatzen duena. Beste aldetik, irakaskuntza pribatua, estatuaren diru laguntza handiagoak edo txikiagoak jaso ditzakeena baina, berez, esku pribatuetan dagoena, Elizarenean kasu askotan. Eskema horrek, baina, zerikusi gutxi zeukan Hego Euskal Herrian frankismoaren osteko egoerarekin.
Euskal Herria estaturik gabeko nazioa izaki, Espainiako Estatuaren menpean zegoen Hego Euskal Herriko irakaskuntza publikoa, eta, frankismoaren garaian, espainoltasuna eta gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko tresna gisa erabilia izan zen. Frankismoaren ostean sistema autonomikoa abian jarri zenean, irakaskuntzaren inguruko eskuduntzak Iruñeko eta Gasteizko gobernuen esku gelditu ziren, eta argi gelditu zen irakaskuntza publikoaren izaerak aldaketa esanguratsuak izan behar zituela. Beste aldetik, bazegoen beste errealitate bat, inguruko herrialdeetakoarekin alderatuta guztiz desberdina: ikastolak, frankismoaren garaian herri ekimenetik sorturiko eskolak, euskarazko irakaskuntza oinarri zutenak.
Bi sare
Errealitate korapilatsu hori eraldatzeko helburuz sortu zen Eskola Publikoaren Legea. Legegileen nahia zen horren ostean eskola publikoa eta itunpeko eskola pribatua baino ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Baina prozesua eztabaidatsua eta polemikoa suertatu zen, batez ere, ikastolak izaera publiko eta pribatuaren artean hautatzera behartuta egotearen ondorioz.
Legea onartu zutenean, EAJk eta PSE-EEk agintzen zuten Eusko Jaurlaritzan, bi alderdiek hitzartutako itunaren ondorioz. Hezkuntza Saila sozialisten esku zegoen. Fernando Buesa zen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, eta Isabel Zelaa sailburuordea. "Jose Ramon Rekalderen garaitik, Talde Sozialista kosta ahala kosta saiatu zen lege hau arrera ateratzen", adierazi du Zelaak. "Garai hartan, eskola publikoa oso une delikatuan zegoen. Inertziak bultzatuta lan egiten zuen, baina ez zeukan definiziorik. 1988az ari naiz, eta hezkuntzaren eskuduntzak 1982an transferitu ziren. Guk bultzada eman nahi genion, eta, horretarako, legea behar genuen, finantzaketaz, euskalduntzeaz, parte hartzeaz, autonomiaz hitz egiteko".
Eskola publikoari «bultzada, definizioa eta garrantzia» eman nahi zioten legearen bidez, eta, Zelaaren ustetan, helburua bete zuten. "Egun, euskal gizarteak eskola publikoan bestelakoetan baino konfiantza handiagoa du. Eskola publikoak bermatu behar du hezkuntza jasotzeko eskubidea; izan ere, itunpekoa, pribatua izanik, gaur badago baina gerta liteke bihar ez egotea. Publikoa, aldiz, beti egongo da". Oso bestelako balorazioa egiten du Tasio Erkiziak. Irakaskuntzari lotua egon da 1971n Bilboko Santutxu auzoko Karmelo ikastolan lanean hasi zenetik, eta Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu zenean Herri Batasunaren irakaskuntza arloko arduraduna zen: "PSE-EEk eta EAJk legealdirako itun bat sinatua zuten, Euskal Herria emeki-emeki Espainian txertatzeko apustuan oinarritua. Itun hori irakaskuntzara ere eraman zuten. Ikastolena herriak sorturiko mugimendua da, eta PSE-EE ez da inoiz eroso egon mugimendu horrekin, euskarazko irakaskuntzan oinarrituriko eskola mota berria proposatzen zuelako. Itun politikoa irakaskuntzara eramateak esan nahi zuen ikastolei distira, erakargarritasuna, herritartasuna kendu behar zitzaiela".
Erkiziak dioenez, EAJ bat etorri zen planteamendu horrekin: "EAJkoek lege horren kontra bozkatu zuten ikastola handietako batzarretan, baina ikastola ertain, txiki eta, batez ere, auzo eta herrietan txertaturik zeuden ikastoletan EAJk ahalegin handia egin zuen horiek ikastolen saretik desagerrarazteko". Prozesu guztia "ikastolen mugimenduari egindako eraso zuzen eta larria» izan zela pentsatzen du Erkiziak. Legearen inguruan adostasunak erdiestea «oso neketsua" izan zela dio Zelaak. "Lanak 1988-89an hasi ziren, eta legea, aldiz, 1993an onartu zen, hurrengo agintaldian, Fernando Buesa buru zegoela". Eta, nola ez, ikastolak eskema berrian zelan txertatu izan zen harrabots gehien atera zuen gaietako bat: "Batzuek uste dute zerbitzu publikoa beti ematen dela, jabetza edozein delarik ere. Baina zerbitzu publikoa gauza bat da, eta jabetza beste bat. Hortaz, 1988an aurreikusten zen ikastolak, jabego pribatukoak zirenak, Eskola Publikoaren Legea onartu ondoren publiko bilakatzeko aukera egongo zela. Hala egin zuten askok, gehienek, nik uste. Beste batzuek nahiago izan zuten pribatuak izaten jarraitzea. Prozesu hori ere nekeza izan zen, eta badakit herri batzuetan desadostasunak sortu zirela, baina prozesua burutu zen, eta hori guztia, zorionez, gaindituta dago".
Egoera zailak
Erkiziak gogoratzen du sare publikoan integratu ala ez erabaki beharrak «oso egoera zailak» sortu zituela. "Jende asko oso minduta sentitu zen, urte askotako lanaren ondorioz eraikitako proiektua kamustuta eta ahulduta ikusten zutelako. Egonezina, tirabirak, eztabaida sutsuak eta, kasu batzuetan, enfrentamendu bortitzak egon ziren".
Ezker abertzalean ere, gaiak urradura bat baino gehiago sortu zuen: "Herri sektore euskaltzalean kontraesanak lehertu ziren, eta alderdi guztietan egon ziren tirabirak, EAJn zein ezker abertzalean. Baina nik esango nuke bereziki ezker abertzalean gertatu zirela, ikastolen alde lan handia egindako jendearen artean, asko maite duenak asko sufritzen baitu".
Isabel Zelaaren iritziz, legea onartu zenetik aurrerapausoak "oso handiak" izan dira eskola publikoaren esparruan, eta "oso balorazio positiboa" egiten du. "Ez soilki nik, edo lege haren bultzatzaile nagusi izan zen Talde Sozialistak; nik uste dut hezkuntza komunitate osoak ere hala uste duela. Eskola publikoa indartsua da, sendoa, beste hezkuntza eskaintzen maila berekoa, euskalduntzeari sekulako bultzada eman dio, eta ni sailburu izan naizen garaian ingelesa ere sartzeko ahalegin handia egin da. Baina, batez ere, autonomian eta parte hartzean asko aurreratu dugu".
Erkiziak oso bestela ikusten ditu gauzak: "Defendatzen duten eredu publikoa oso zaharkitua da. Gaur egungo eskola publikoan gurasoak erabat bazterturik daude, funtzionamendua oso burokratikoa da, eta uste dut sare publikora pasatu ziren ikastolek kalitatean eta prestigio sozialean galdu egin dutela. Eskola publikoan badaude guraso eta irakasle anitz, lan egiteko prestutasuna dutenak, baina egiturak ito egiten ditu".
Alde horretatik, Erkiziak ez ditu sinesten instituzioek eskola publikoaren alde egiten dituzten aldarriak: "Publikotasuna aipatzen dute, baina beraiek ere ez dute publikotasunean sinesten. Ez dago eskola publikoaren aldeko benetako apusturik. Gu ere eskola publikoaren alde gaude, ikastolek zerbitzu publikoa eskaintzen dutelako eta publikoak izateko bokazioa dutelako, baina pentsatzen dugu eskola publikoa oinarritu behar dela ikasle, irakasle eta gurasoen parte hartzean, eta inguruan txertatuta egon behar duela".
Legea onartu zenean, EILAS sindikatuak adierazi zuen gabezia handiak ikusten zizkiola, baina, hala ere, ikastolak sare publikora biltzearen alde agertu zen. EILASeko Arantza Fernandez de Garaialderen aburuz, bere garaian sare publikoan txertatzeko hautua egin zuten ikastolek proiektuari eusteko eta garatzeko gaitasuna izan dute: "Euskalduntze mailak ez zuen atzera egin. Garai hartan, ohikoa zen gurasoek euskal ereduak eskatzen zituztenean, administrazioak erantzutea ikastoletara joateko. Hori behintzat amaitu egin zen. Sare publikoa indarturik atera zen".
Hogei urteotako ibilbidea baloratzean, aurrerapausoak eta ahulguneak ikusten ditu Fernandez de Garaialdek: "Legeak aipatzen zuen sareen arteko oreka sare pribatuaren mesedetan doala uste dugu. Euskararen trataera, berriz, epelegia zen. Guk ez ezik, Euskadiko Eskola Kontseiluak ere hori adierazi zuen. Kasu askotan, euskalduntzea etorri da eragileon borrokaren ondorioz. Guraso eta irakasleak borrokatu dira, guraso erdaldunak ere bai, euskara guztiona zela argi ikusi dutelako. Garai hartan ere, A ereduaren desagertze progresiboa eskatzen genuen guk, datuek frogatzen zutelako emaitzak ez zirela onak. Hogei urtean asko aurreratu da, baina A ereduak hor dirau oraindik. Laburbilduz, euskalduntze prozesua sakona izan da, baina hutsune nabariak egon dira".
Aldaketen beharra
Isabel Zelaa pozik dago lortutakoarekin, baina, hala ere, zenbait aldaketa sartzearen alde agertzen da: "Ereduen sistemak ondo funtzionatu du orain arte, baina hezkuntzan hiru eleak sartzeko bidean, sistema hori ordezkatzearen aldekoak gara. Elebitasunak kit bakar bat osatzen du, eta, horretan, normala da euskarari gehiago laguntzea, diglosia egoeran dagoelako. Baina kit horretan ingelesa sartu behar da, zientziaren hizkuntza eta nazioarteko mintzaira delako. Aukera hori guztiei eman behar zaie, ez soilki akademia bat ordaintzeko beste diru duten gurasoen seme-alabei".
Tasio Erkiziaren aburuz, irtenbidea Euskal Eskola Nazionala eraikitzeko bidean urratsak egitean datza: "Herri guztiek badute hezkuntza sistema propioa, eta Euskal Herriak ere Euskal Eskola Nazionala diseinatu behar du, zazpi herrialdeetan hedatua, publikoa, hots, herritarra eta hezkuntza komunitateko eragileen menpe egongo dena eta gizartearen errealitateari erantzungo diona".
Fernandez de Garaialderen iritziz, berriz, gakoa ez datza lege berria egitean edo ez egitean, "egoera hobetzean" baizik. Horretarako lehenengo urratsa, murrizketei galga jartzeaz gain, LOMCE legea ez ezartzea litzateke: "Ez dakigu egitasmo hori lege bilakatuko den, baina horren aurrean harresia eraiki behar dugu, ziurtatzeko gure hezkuntza sisteman ez dela ezarriko". "Beste aldetik, hogei urteren ostean, jarraitu behar dugu esaten ereduen sistema desagertu behar dela eta hizkuntzen trataera hobetu egin behar dela, gutxieneko helburuak finkatuz", adierazi du EILASeko kideak. "Baina ezinezkoa da orain arte bezala jarraitzea eta hainbat ikaslek derrigorrezko hezkuntza amaitzea euskaraz jakin gabe. Horrekin beren eskubidea urratzen ari gara, eta gainerakoena ere bai".