«Pozten naiz, benetan, oso albiste ona da». Bezperan enplegu politika aktiboak eskualdatzeko EAJk eta PSOEk egin zuten akordioari buruz azalpenak eman behar izan zituen Patxi Lopez lehendakariak politika orokorrari buruzko osoko bilkuran. Hala saioa irekitzeko hitzaldian nola taldeei erantzuteko txandan berri «pozgarria» izan dela aldarrikatu zuen, oposizioko alderdi gehienek negoziazioan izan duen jokabidea kritikatu zioten arren.
Auzia testuinguru zabalago batean kokatzen ahalegindu zen Lopez. Hala, Espainiak aurrekontuak izatea egonkortasuna bermatzeko eta finantza merkatuak lasaitzeko ona dela ziurtatu zuen. Horren haritik, Espainiako gobernabideari laguntzea eskertu zien jeltzaleei. «Iazko betoaren ordez, EAEko langabeek tresna ona izango dute laneratzeko aukerak hobetzeko», lehendakariaren arabera.
Hori bai, akordioaren edukiari eta eskumenak garatzeko erabiliko duen estrategiari buruz deus ez zuen aurreratu. Espainiako enplegu zerbitzu publikoen bitartekaritza lana hartuko du Lanbidek aurrerantzean. Langabeen ikastaroak kudeatzeaz gain, Jaurlaritzak eskaintzen dituen gizarte laguntzak ere Lanbideko egituraren bidez kudeatzen hastea da Jaurlaritzaren helburua.
Lan politika aktiboak ez ezik, EAEk beste hiru eskumen jasoko dituela jasotzen du jeltzaleen eta sozialisten arteko hitzarmenak. Lan ikuskaritza, lanbide heziketa eta etengabeko prestakuntza, eta Itsasoko Gizarte Institutua. Horiei buruzko aipamenik ez zuen egin Lopezek. Eskumen multzoaren balio ekonomikoa 472 milioi euroan finkatu du itunak.
«Bide orria bete da»
Lan politika aktiboen eskumena negoziatzeko prozesua luzea izan da. PSE-EE Ajuria Enera sartu zenetik, gobernuaren lehentasuna izango zela iragarri zuen. Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko negoziazioen norabideak EAJren kezka piztu zuen, eskumenarekin batera jaso beharreko edukiak nahikoa ez zirela iritzita. Hori dela eta, eskualdatzea atzeratzea exijitu zion Zapateroren gobernuari, 2010eko Espainiako aurrekontuak aurrera ateratzea bermatzeko.
EAJk eta PSOEk egin duten akordioan Jaurlaritzak ezarri zuen bide orria «bete» dela ziurtatu zuen Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. «Ez ditu negoziazioan ezarri ziren lerro gorriak hautsiko».
Desadostasun puntu nagusia kontratazioa sustatzeko enpresei egiten zaizkien kotizazioen hobariak ziren. PSE-EEk, hasieratik, Gizarte Segurantzaren kutxa bakarraren barruan kokatu zituen hobari horiek. Ondorioz, jaso beharreko diru kopurua egiteko kalkulutik atera zituen. EAJk, aldiz, lan politika aktiboen eskumenaren parte «utziezina» zirela aldarrikatu izan du, Gernikako Estatuan oinarrituta.
Eskuduntza jasotzeko Madrilera nolako proposamena eraman zuen galdetu zion atzo zuzenean Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak Lopezi. Erantzunean kontratazioa bultzatzeko hobari polemikoak ere barruan zeudela ziurtatu zuen.
Haatik, lehendakariaren argudioa ez dator bat orain arte Jaurlaritzak jendaurrean defendatu duen jarrerarekin. Gemma Zabaletak eta Manuel Salinero Lehendakaritzako idazkariak 2009ko azaroan Legebiltzarrean egin zuten agerraldian hobari horiek negoziaziotik at zeudela ziurtatu zuten, kutxa bakarraren defentsa argudiatuta. Rikardo Gatzagaetxebarria legebiltzarkide jeltzaleak egindako galdera bati idatziz emandako erantzunean antzeko azalpena eman zuen Lopez lehendakariak, aurtengo uztailaren 28an.
Espainiako Gobernuaren ahuleziak lan politika aktiboen eskualdatzea ahalbideratu duela ziurtatu zuen Joseba Egibar legebiltzarkide jeltzaleak. «Espainiako agintari baten beharra-estura arazo batetik ateratako eskumena izan da, ez estatutua garatzeko grina baten ondorio».
PPk, berriz, negoziazioan lidergoa eduki ez izana aurpegiratu zion Lopezi. Akordioaren edukia azaltzeko agerraldia egitea eskatu zion Antonio Basagoitik lehendakariari, halaber.
Aralarrek eta EAk nabarmendu zuten Gizarte Segurantzaren eskumena falta dela. Auzi horretan lehendakariak Espainiako interesak defendatu dituela ustedute, gainera.
EUSKO LEGEBILTZARREKO POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA
Politika aktiboen ituna ontzat jo du Lopezek, edukia azaldu gabe
EAJren eta PSOEren arteko akordioan Eusko Jaurlaritzak ezarritako bide orria «bete» dela ziurtatu du Gemma Zabaletak. Negoziazioan lehendakariak izan duen lidergoa zalantzan jarri du oposizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu