«Politika da bidea»

Alderdiek indarkeriarik gabeko egungo egoera «aprobetxatzeko» bidean «saiatu» behar dutela azaldu zuen herenegun Iñigo Urkulluk.

Iñaki Lasa Etura.
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Alderdikoentzat eta kanpokoentzat. Guztientzat hitz egin zuen Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak herenegun Durangoko (Bizkaia) Landako Gunean. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako EAJko hautagaiak aurkezteko ekitaldia zen, baina beste alderdiei eginiko mezuak ere entzun ziren. Azken hilabeteetan ekin dion bideari eutsi zion oro har Urkulluk, eta orain arte erabili izan dituen ideia nagusietan sakondu zuen oro har.

Hala, egungo egoerak garrantzi handia izan zuen hitzaldian. Astebete bete da ETAk su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria iragarri zuenetik; eta zabaldu den aro berria «aprobetxatu» egin behar dela ohartarazi zuen EAJko buruak. Indarkeriarik gabeko egungo egoera etorkizunera luzatu nahi bada, politikarien eginbeharra hori bermatzeko lanean «saiatzea» dela azpimarratu zuen. Horretarako, ETAren desagertzea ezinbestekotzat jo du jeltzaleak, «lurraldetasuna eta burujabetasuna lortzeko bidea politika» delako. Zehatzago, politika «bide bakarra» dela azaldu zuen.

Indarkeriarik gabeko jokaleku horren barruan bete-betean sartu zuen ezker abertzalea. ETA behin betiko atzean uzteko urratsa egiteko deia egin zien. Alderdien legea onartzeko prest badaude eta politika egin nahi badute «zenbat eta lehenago hobe» dela ziurtatu zien.

Baina egungo egoera zehazteaz gain, buruzagi jeltzaleak ez zuen ahaztu hauteskundeen gertutasuna. Hortaz, etorkizun hurbilera begiratzeko tartea hartu zuen. Izan ere, bozak ate joka daude, eta alderdien arteko lehendabiziko mugimenduak nabari daitezke dagoeneko. Ekin diote kanpaina aurreko egunei, eta alderdi bakoitza maiatzera ahalik eta kokagune egokienean iristeko ariketan hasi da. Betiko legez, alderdiek koalizioak eta akordioak mahai gainean jarriko dituzte. Akordio horietako batzuk, baina, estalita egongo dira hauteskundeetako emaitzak jakin arte.

Ustezko akordio horietako bat aldez aurretik ezagutarazi nahi izan zuen herenegun Urkulluk. Haren aburuz, ziurra da PSE-EEk eta PPk lau hilabete barru indarrak elkartuko dituztela, bere lekua ahal duten erakunde gehienetan ziurtatzeko.

Dena den, oraingoan «engainurako betarik» ez dagoela ohartarazi zuen jeltzaleak, eta Patxi Lopezek esanak esan gizarteak bi alderdien arteko ituna emango dela badakiela azaldu zuen: «Orain dela bi urte ezetz esaten zuten, eta gero baietz egin zuten». Halaber, akordioa inoiz baino «argiago» dagoela uste du: «Elkar mokoka Espainian, baina, elkar muxuka Euskadin [...] elkar lotuta bizi dira, ezin dira askatu».

Urkullu baino grafikoago izan ziren Xabier Agirre eta Markel Olano Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak. «Alderdi popularraren kaioa alderdi sozialistaren ukabil eta arrosaren gainean hegal egiten» izan zen erabili zuten erkaketa.

Lopezen «programa falta»

Baina alderdi sozialista bera baino gehiago, Lopez lehendakaria izan zen Urkulluren kritiken jomuga nagusia. Jakina da EAJk harreman hobea izan duela azkenaldian Madrilgo sozialistekin —2010eko Espainiako aurrekontu orokorrak babestea eta hainbat eskuduntzen eskualdatzea tartean— EAEko sozialistekin baino; eta Urkulluk berak ez du inoiz gorde Lopezekin duen harreman falta.

Hala, krisi ekonomikoaren inguruan Lopezen «programa falta» nabarmendu zuen. Bi urte lehendakaritzan egon ostean oraindik plan ekonomikorik ez duela leporatu zion. Bien bitartean, EAJk arazoei erantzunak bilatzeko lanean jarraituko duela azaldu zuen, eta «aurreko urteko albiste onena» lan politika aktiboen eskuduntza lortzea izan zela ziurtatu. Hala ere, alderdi jeltzaleak Eusko Jaurlaritzari laguntzen jarraituko duela berretsi zuen, oposiziotik «politika konstruktiboa» egiten.

Gardentasuna eta zuzentasuna

EAJ goraipatu eta beste alderdien jarduna kritikatzeaz gain, une bat EAJko kide batzuk kritikatzeko erabili zuen. Zuzenean izenik esan ez zuen arren, mezua argia izan zen, eta denek ulertu zuten zertaz ari zen Urkullu.

Espioitzarekin eta ustelkeriarekin loturiko auzietan inputatuta daude hainbat jeltzale, etahorrek alderdiaren izeneaneragina izan du. Alderdia akusatuekin loturak hausten saiatu arren, zipriztinduta amaitu du, eta hauteskunde atarian beste alderdiek ahultasun hori baliatu nahi dute.

Urkulluren mezua EAJren «gardentasuna eta zuzentasuna» goraipatzea izan zen; eta gaitzetsi egin zuen espioitza bidez eta informazioa lortuz «etekinak» lortzen dituen jendea. Alderdiaren izena garbitzeko saio gisa ez ezik, jeltzale guztientzako ohartzat ere uler daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.