Arraizen adierazpenak ikertzeko diligentziak irekitzea "oso larritzat" jo du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak, eta gogorarazi du Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak berak aitortu duela ez dakiela zehatz-mehatz Arraizek zer esan zuen. Barrenak Kalparsorori eskatu dio utz diezaiola "politika egiteari", eta "interes publikoa babestea" galdegin dio.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak ere kritika egin dio Kalparsorok Hasier Arraiz Sortuko presidentearen adierazpenak ikertzeko erabakiari. Arzuagak nabarmendu du Arraizen hitzak "manipulatu" dituztela.
Arraizen hitzak ikertzeak "eskubideak babesteko gutxieneko baldintzarik eza" erakusten du, Arzuagaren esanetan. Horien adibide gisara aipatu ditu "kriminalizazio egoera eta legez kanporatzeko mehatxuak, ideia batzuen adierazpen hutsarengatik".