Politikari profesionala bat, 'ezohikoa' bestea

Bi lehendakarigaien soslaiak. Urkullu (EAJ): 'Aixerrotatik Ajuria Enera'. Mintegi (EH Bildu): 'Entzuten irakatsi nahi duen emakumea'.

2012ko abenduaren 12a
10:40
Entzun

IÑIGO URKULLU (EAJ)

Aixerrotatik Ajuria Enera

Edurne Begiristain

Duela hiru hamarkada Getxoko Aixerrotan (Bizkaia) egindako Alderdi Egunean, 22 urteko gazte batek hitza hartu zuen EGIren izenean, mintzatokira igota. Gazte bizkaitar hark jendaurrean hitz egiteko dohain berezia erakutsi zuen, eta haren hitzaldia ez zen oharkabean pasatu alderdian. Iñigo Urkullu Renteria zen. Tornulariaren semea. 15 urte besterik ez zuela herriko Euzko Gaztedin (EGI) ibilbide politikoa hasi zuen gaztea. Nork esango zion politikan lehen urratsak egiten hasia zen gazte hari 30 urteren buruan Ajuria Enean bukatzeko aukera izango duela. Berak ere ez zuen imajinatuko.

Iñigo Urkullu Alonsotegin jaio zen, 1961ean. Egun, Durangon bizi da. Ezkonduta dago, eta hiru seme-alaba ditu. EAJko EBBko presidentea da 2007tik. Familia abertzalekoa izanda, gaztetan afiliatu zen EAJn: 16 urte baino ez zituen, eta alderdia klandestinitatetik irten berria zen. EGIn izan zituen bere lehen ardura politikoak: herriko EGIko arduradun aurrena, eta EGIko zuzendaritza nazionalean gero. Gazte zela heldu zien ardura handiagoei ere: 23 urterekin izendatu zuten BBBko kide; 25 urte besterik ez zuela, Eusko Legebiltzarreko parlamentari aukeratu zuten, eta adin berarekin sartu zen Bizkaiko Diputazioko gazteria saileko zuzendari postuan. Irakasle eskolako diplomaduna eta Euskal Filologian espezializatua da. Deustuko Unibertsitateko Aisialdiko Ikasketen Institututik Aisialdiko Guneen Kudeaketan aditua da. Politikan murgildu berritan, gainera, maisu lana egin zuen Portugaleteko Asti Leku ikastolan eta Bilboko Felix Serrano ikastetxean.

EAJren barruan ibilbide politiko oparoa izan du Urkulluk. Gaztetan, belaunaldi jeltzale bateko kide izan zen: jobuvia-ak edo jóvenes burukides vizcaínos (gazte burukide bizkaitarrak) izenarekin ezagun egin zirenak. Talde horretan ibili ziren, halaber, gerora alderdiaren barruan zama handia izan duten beste jeltzale batzuk ere: Jose Luis Bilbao, Andoni Ortuzar, Joseba Aurrekoetxea, Aitor Esteban eta Koldo Mediavilla. Alderdiaren barruan tokia egiten hasi zen Urkullu 1996an, Bizkaiko alderdikide garaikideekin batera. Urte hartan, Luis Mari Retolaza orduko BBBko presidenteari aurre egin eta Javier Atutxa bultzatu zuten BBBko presidentetzarako, eta nagusitu egin ziren Urkullu eta gainerako kideak. Bera izan zen BBBko bozeramaile lau urteko hartan. Alderdi barruan lehiarik garrantzitsuena, ordea, 2003an jokatu zuen, Xabier Arzalluzen ordezkoa aukeratzeko barne prozesuan Josu Jon Imazen hautagaitzaren sostengurik sendoena eta eraginkorrena izan baitzen. Lau urteotan Imazen ondoan egon zen, bozeramaile lanetan. 2007an EBBko presidente berria aukeratzeko hauteskundeetan, bi sektoreek hitzartutako hautagaia izan zen Urkullu.

Ezagutzen dutenek pertsona serio eta metodikotzat dute; moderatua dela diote. Lidergoa hartzeko duen gaitasuna azpimarratzen dute gertukoek, eta, dioetenez, bilera guztietan ohar idatziak hartzen ditu. Hain justu ere, hauteskunde kanpainan Urkulluren profil serio eta arduratsua nabarmendu nahi izan du EAJk. Ezagutzen dudalako izeneko ekinaldiaren bitartez, Urkulluren gertuko irudia landu du alderdiak, hari buruzko laudorio eta goraipamenekin: zintzoa, gardena, langilea, prestatua...

"Hitza" ematen duen lehendakarigai gisa aurkeztu du bere burua Urkulluk. Euskadi aurrera leloa hartuta, euskal gizartearekin 175 konpromiso hartu ditu buruzagi jeltzaleak hauteskunde programan. "Euskadi aurrera ateratzeko denon beharra dugu". Esaldi hori behin eta berriz izan du ahotan Urkulluk azken bi asteotan, "elkarlana eta adostasuna" krisialditik ateratzeko ez ezik etorkizunerako itun berria adosteko ere balio izango duelakoan. Hiru lehentasun ezarri ditu datozen lau urteetarako: krisialditik lehenbailehen ateratzea, bake prozesua sendotzea eta bizikidetza bermatzea eta "Euskadi nazioa Europan" proiektua garatzea eta gauzatzea.

Inkesta guztiek faboritotzat jotzen zuten urriaren 21erako. Eta aurreikuspenek ez zuten kale egin. Getxoko Aixerrotako Alderdi Egunean politikari sena eta jendaurrean hitz egiteko trebezia erakutsi zuen gazte hark Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituen, 29 urteren buruan.

Nortasun agiria:

- Jaioteguna. 1961eko irailaren 18a.
- Jaioterria. Alonsotegi (Bizkaia).
- Ikasketak. Irakasle eskolako diploma eta Euskal Filologia espezializazioa.
- Ibilbide politikoa. BBBko kide, legebiltzarkidea eta EAJko EBB presidentea —Jaurlaritzako lehendakari izendatzen badute, EBBko buruzagitza utzi egin beharko du—.
- Afizioak. Mendia du gustuko. Haize musika-tresnak ditu gustuko, eta horien bildumatxoa ere badu .

LAURA MINTEGI (EH Bildu)

Entzuten irakatsi nahi duen emakumea

Aitziber Laskibar Lizarribar 

Emakumea, eta genero ikuspegia barnean daraman idazlea da Laura Mintegi. Nafarra sortzez. Txikitatik bizkaitartua, baina bere nafartasuna sutsu defendatzen duena. Euskaldun berria izanagatik, euskaldun peto-petoa da, ahalegin handiz euskara bere hizkuntza bihurtu duena. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazlea izendatua. Euskal idazlea. Mundu mailan adierazpen askatasuna defendatzen duen Pen Club idazleen elkarteak Euskal Herrian duen Euskal Pen Club-eko presidentea. Irakaslea ere bada EHUn. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika alorrean irakasle, eta saileko zuzendaria. Landuaz eratu dituen ezaugarriak ditu guztiak. Bizitzan, zer-nolakoa izan nahi duen jakin duena, eta horretarako ezaugarriak landu dituena.

Ezkertiarra. Ezkerreko baloreak xumetasunetik, zarata handirik egin gabe defendatzen dituena. Gainerako ezaugarriekin lotua ikusten du ezker izaera. Bizimodu baten ikuspegi oso gisa. Besteagatik dator bata, eta bata besteagatik. Ezin zitekeela bestela sentitzen du. "Ezkerreko politika egitea emakume izatea da. Horrekin ez dut esan nahi andrazko jaio behar denik ezkerrekoa izateko, baizik eta politikan balore femeninoekin aritu behar dela. Hori da ezkerra".

Entzuten dakiena eta entzun nahi duena. "Egin kritikak, mesedez", esan zuen behin eta berriz EH Bilduren programa atalez atal azaltzera joan zen lekuetan. "Esku askoren artean egindako lana da hau, eta esku gehiagoren ekarpenak jaso nahi dituena". Areago, kritikak laudorioak baino gehiago eskertzen dituela esan izan du. "Horrela ikasten da". Eta ikasi nahi du, bizitzan aurrera egiteko modu gisa. Garatzeko, hobetzeko aukera ikusten du kritiketan. "Ez dugu geratu behar dagoeneko badakigun horretan".

Bizitzeko irrika ikusten zaio begiradan, eta besteekin partekatua ulertzen du bizitza. Elkarrizketa zalea da. Gertukoa. Mintzakide goxoa. Baita aurkaririk sutsuenaren aurrean ere. Ez dio beldurrik eztabaidari eta pentsatzen duena esaten du, baina, orduan ere, entzun egiten du lehenengo, ondoren leun erantzuteko.

Akordioa. Hori du lanerako eredu, eta hala aritu nahi du murgildu den lan berrian, politikan. Hain zuzen, datozen urteei begira konpondu beharreko gai nagusiei aurre egiteko, guztien arteko akordio zabalak proposatu ditu behin eta berriz. Horretan tematuko dela iragarri du. 

Hain zuzen, politika egiteko beste modu bat ezartzea jarri du helburu nagusitzat Mintegik. Orain arteko liskarrak alboratzea, "elkar muturka" aritzeari utzi, eta elkar ulertzea bilatzea. Pertsonei begiratzea. Herritarrak politikaren erdigunean jarri, eta horientzat onena dena guztien artean egitea. Besteen lekuan jartzea. "Elkar onartu, ulertu eta errespetatzea". Ez du lanerako modu hori alboratu nahi, eta horregatik dio ez duela ohiko politikari gisa aritzeko asmorik. "Oin bat beti izan behar dugu kalean, herritarren artean".

Hain zuzen, horixe aurpegiratu zioten Jaurlaritzarako bidean leihakide dituenek. "Ezker abertzalearen aurpegi atsegina da baina ez da politikaria". Politika munduan eta kudeaketan esperientziarik ez izatea egotzi izan diote. Haren ustez, ordea, bertutea da hori; bestelako politika egiten lagunduko dion oinarria. Feminismoaren baloreen ukitua nabarituko zaion politika eredua, agian.

Sari ugari jaso dituen idazlearen lituratur lanetan ere nabari zaio pertsonekiko, horien harremanekiko duen kezka. Bai... baina ez; Nerea eta biok; Sisifo maite minez; eta Ecce homo liburuetan, adibidez.

Literaturaren uretan buru belarri murgildu aurretik, munduan bueltaka ibilitakoa da Mintegi. 1955. urtean Lizarran jaio zen arren, hilabete eskas zuela Venezuelara eraman zuten gurasoek. Bi urterekin itzuli zen sorterrira, baina ez luzerako. Beste bi urteren ondoren Bilbora joan zen familiarekin, eta Bizkaian bizi da harrezkeroztik: Bilbon lehenengo, eta Getxoko Algorta auzoan 1973tik gaur arte. 18 urte zituela Historia ikasketei ekin, eta Deustuko Unibertsitatean lizentziatu zen. Gerora, psikologian doktoratu zen.

1980. urtean Afrikara joan zen, Nigeriako Biafra eskualdera. Hango gerra amaitu zenetik hamar urte igaroak ziren, eta Biafrako agintari nagusiaren pedagogia-aholkulari gisa jardun zuen. Urtebetera itzuli, eta buru-belarri idazten hasi zen. Baita  irakasle lanetan ere.

Nabari zaio irakasle sena azalpen pedagogikoetan, eta psikologia zantzuak harremantzeko moduan. Seme eta alaba bana ditu. "Seme bat eta alaba bat", zehazten die gazteleraz bi semeren ama gisa aurkezten dutenei. "Okertu egin zarete, bat alaba da".  

Nortasun agiria:

-Jaioteguna: 1955eko urriaren 26a.
-Jaioterria: Lizarra (Nafarroa).
-Ikasketak: Historian lizentziatua eta Psikologian doktoratua.
-Lanbidea: EHUn irakasle da Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean. Saileko zuzendari ere bada.
-Afizioak. Idazlea da eta hainbat sari jaso ditu lituratur lanengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.