Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ

Polizi eredua aldatzea

Koldo Aldabe.
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
ETAk jardun armatua behin betiko amaitu duenean iritsi dira Ertzaintzaren aldetik gizarte zibilaren aurkako gertakari larrienetakoak. Iñigo Cabacas gaztea denen buruetan dabil oraindik, gertakari lazgarria izateaz gainera, Herrizaingo Sailak erantzukizunak argitzeko ezer egin ez duelako gaztearen heriotzatik sei hilabete igaro badira ere. Baina Xuban Nafarrate gaztearen kasua ere hor dago, baita greba orokorrean ertzainek erakutsitako indarkeria guztia ere. Uniforme militarizatuagoak jantzi zizkien Rodolfo Aresek ertzainei, eta militarizazioa kale zaintzara hedatu zuen.

Garai berrietara egokitutako polizia eredua aldarrikatu zuen atzo, EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluk. Herritarrengandik gertuago egongo dena, prebentzio lanetan indar handiagoa egingo duena, ondasunak eta herritarren segurtasuna zaintzera bideratuko dena... EAJ Jaurlaritzan egon den garaietan, Ertzaintzaren jokabide asko ez dira eredugarri izan. Orain, beste eredu bat proposatzera dator EAJ. EH Bilduk ere proposatu du polizia hurbila, komunitatearen barnekoa eta haren inguruko gertaeretan txertatua, euskal herritarren gizarte, kultura, hizkuntza eta politika aniztasuna errespetatzen duena. Bi alderdi nagusiek polizia eredua aldatzeko beharra ikustea ona da. Eredua bera adostea da orain erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.