Espainiako Auzitegi Goreneko 61. sala gaur hasi da Sortu ezker abertzaleko alderdia ez erregistratzeko Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak egindako eskaerak aztertzen, eta auzi saiorako aintzat hartu du defentsaren eskaera bat: poliziek lekuko gisa deklaratuko dute, ez peritu gisa. Ekin diote, arratsaldean, baita amaitu ere.
Lehen lekukoak adierazi du Sortuk hautsi egin duela ezker abertzaleko legez kanpoko erakundeekin —hala dio Sortuk berak estatutuetan—, "estrategia desberdina" hartu duela alderdi berriak, ezker abertzalean azken eztabaidara arte sekula ez dela estrategia politiko-militarra ezbaian jarri... Dena dela, berretsi du Batasunaren jarraipena dela Sortu.
Guardia zibilak batek esan du ETAren estrategia ari dela defenditzen Sortu, "hauteskundeetan izateko", eta erakunde armatuak ez duela desagertzeko asmorik. "Plan denak agerian utzi ditugu", esan du. Haren ustez, "ETAren eta Batasunaren artean desadostasunak" izan ziren ezker abertzaleko barne eztabaidan, "baina ez zen izan hausturarik arlo militar eta politikoaren artean, desadostasunak gainditu zituzten eta kohesio bila aritu ziren".
Bihar Fiskaltzaren, Estatuaren abokatuaren eta defentsaren txanda izango da, 10:00etatik aurrera.
Fiskalaren saioak huts
Antonio Narvaez fiskalak epaileei eskatu die polizia eta guardia zibil lekuko denek peritu gisa deklaratzeko, aldi berean, power point bat osatuta. Iñigo Iruin defentsa abokatuak azaldu du hori ezinezkoa dela, polizia horiek lekukoak direla eta galderak-eta erantzun beharko dituztelako. Magistratuak kasua aztertzen izan dira, eta defentsari eman diote arrazoia. Poliziak banan-banan mintzatuko dira, eta erabili ahal izango dute power point-a.
Ustezko froga bat gutxiago
Aurretik, fiskalak bere txostenean aurkeztutako ustezko froga bat erretiratu egin du: Xabier Artola Sortuko sustatzaileari buruzkoa. Fiskalak zioen Artolak 18/98 auziko kontu korronte bat zabalik duela eta ETArekin lotu zuen, baina defentsak argitu zuen kontu hori ez dela Artolarena berarena, EHUko Informatika Fakultateko zenbait kidek elkartasunez laguntzeko sortutako kontua baizik. Fiskalak dio defentsaren arrazoi hori aintzat hartuta erretiratu egin duela txostenetik froga hori.
Batasunaren ondorengoa dela argudiatu zuten Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak, eta Sortuk aurreko astean aurkeztu zuen eskaera horren aurkako txostena: Sortuk hautsi egin duela ezker abertzaleko legez kanpoko erakundeekin, ETA errefusatzen duela, Espainiako Alderdien Legea betetzen duela...
Erabakia aste honetan?
10:30 pasatxo hasi da saioa. Oraingoz, ez dago aurreikusita noiz erabakiko den auzia, baina Oihana Elduaien BERRIAko kazetariak Berriketan.info sare sozialean azaldu duenez, aste honetan bertan erabakiko dutelako zurrumurrua dabil Auzitegi Gorenean. Elduaien Madrilen dago, auziaren ingurukoen berri bertatik emateko.
Hamasei epaile ari dira auzia aztertzen.