Bildu koalizioaren inguruan dituzten «susmoak» argitzeko-edo azkenaldian gertatzen ari diren «polizia mugimendu zenbait» eta «jarraipen eta metodo zalantzagarriak» salatu zituen Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek atzo Euskadi Irratian.
«Jakin badakigu polizia mugimenduak gertatzen ari direla, eta hori salatzekoa da. Inork ezin dio ukatu Eusko Alkartasunari 25 urteotan egindako ibilbidea, giza eskubideekiko konpromisoan eta bide soilik demokratikoetan oinarritua», esan zuen Urizarrek. «Norbaitek esan beharko liguke nola onar litekeen Poliziak jarraipenak eta metodo zalantzagarriak erabiltzea legezko alderdi baten aurka jokaleku demokratiko batean bere froga edo susmoak egiaztatzeko», gaineratu zuen EAko idazkari nagusiak. Dena den, ziur da Bildu ez dutela utziko legez kanpo, bere «kalkuluetan» ez baita «inolaz ere sartzen».
Urizarren arabera Estatuko Fiskaltza Nagusia, Barne Ministerioa eta auzitegiak «talde berean daude, eta Estatuko aparatu gisa ikusten ditugu». Bilduko koaliziokideak nabarmendu du Espainiako Estatuarentzat «deserosoa» dela «Euskal Herrian mugimendu subiranista indartsu bat sortzea». «Rubalcabak eta bestek bidaltzen dituzten mezuak jokatzen ari diren paperaren parte dira, beste batzuk urduri jartzeko. Baina gure helburua ez da ilegalizazioaren espazioa zabaltzea; legalitatearen barruan jarduteko dugun konpromisoa irmoa da», zehaztu du.
«Bagenekien gure zerrendak lupaz eta mikroskopioz aztertuko zituztela, baina lasai gaude», ziurtatu du Urizarrek; «Bete beharrekoa betetzen dugu eta gure helburua lortuko dugu; alegia, mugimendu subiranista erakundeetara eramatea».
«Funtsezko tresna»
Erakundeak baitira, Pello Urizarren hitzetan, Espainiako eta Frantziako estatuekin «konfrontazio demokratikoa» eramateko «funtsezko tresna».
«Euskal Herria nazio bat da, eta estatu izateko eskubidea dauka», gaineratu du Urizarrek. «Hori lortzeko estatuekin konfrontazio bat egongo da, ez dutelako herri honek estatu izateko duen eskubidea onartzeko asmorik».
Polizia Bilduri jazartzen ari zaiola salatu du Urizarrek
Gernikako Akordioa osorik aldarrika dezatela eskatu die Aralarrek itunaren sinatzaileei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu