'Cabacas auzia'

Polizia ereduari buruzko eztabaida eskatu dio Iñigo Gogoan plataformak Eusko Legebiltzarrari

Iñigo Cabacasi gertatutakoaren berri emateko, herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte: gaiari buruzko dokumentala zabaltzeko eta lana ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzeko laguntza eskatu du.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko maiatzaren 16a
14:25
Entzun

Ertzaintzaren gomazko pilota batek Iñigo Cabacas Atlheticen zalea hil zuenetik urtebete baino gehiago igaro denean, "oraindik jarrera oldarkorrez gomazko balak erabiltzen jarraitzea" eta gaiari buruzko hausnarketa sakonik egin ez izana ulertezina egiten zaio Iñigo Gogoan herri ekinbideari. Eztabaida sustatu eta neurriak har daitezela nahi du. Lan hori Eusko Legebiltzarrak egin behar duela iruditzen zaio, eta horixe egin dezala eskatzeko, bilera txanda egingo du legebiltzar taldeekin.

Polizia ereduari buruzko eztabaidaren sustatzaile izan dadila eskatuko die Iñigo Gogoan plataformak legebiltzarreko taldeei. "Herritarren eta eragileen ekarpenak bideratu ditzala, eztabaida irekia gauzatu dadin". Herri ekinbideak berak ere egin nahi dio ekarpena eztabaidari, "urte luze honetan bildutako informazio eta esperientziak" oinarri hartuta.

Cabacas auziaren nondik norakoak zabaltzeko lanean ere jarraitzen du herri ekinbideak. Iñigo Cabacas: Crónica de una herida abierta dokumentala erakusten ari da Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko hainbat herritan, eta zabaltze lanean parte hartzeko deia egin die herritarrei: "Emanaldiak proposatu edo antolatzeko zu zeu zara egokiena, jar zaitez gurekin harremanetan eta elkarrekin ekingo diogu", esan die. Horretarako, [email protected] helbidea jarri dute herritaren eskura.

Dokumentala mundura zabaltzeko, ahalik eta hizkuntza gehienetara itzuli nahi du lana plataformak. Gazteleraz egina da lana, eta euskaraz eta katalanez jarri dizkiote azpidatziak oraingoz. Gainontzeko hizkuntzetara itzultzeko ere, herritarren laguntza eskatu du herri ekinbideak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.