Egiari Zor fundazioak bilera egin du polizia gehiegikerien hainbat biktima elkarterekin. Besteak beste, Martxoak 3, Torturaren Aurkako Taldea, Goldatu eta Etxerat elkarteetako kideak elkartu dira Donostian.
Prentsaurrekoan adierazi dutenez, azpimarratzekoa da Jaurlaritzak legea bultzatu izana, eta ez dekretu soila, 1960. eta 1978. urteen arteko polizia gehiegikerien biktimekin egin zuen bezala. Biktimen arteko “bereizkeria” juridikoa “hautsi” egingo dela adierazi dute. Aldiz, beste indarkeria mota batzuetako biktimen pareko “eskubide eta ordaina” jaso ahal izatea galdegin dute.
Lege proiektuaren izenari ere garrantzia eman diote. “Errepresio ez zilegiaren biktimentzako” lege proiektua da ofizialki, Jaurlaritzaren proposamena. Izena “abstraktuegia” da biktimen esanetan, “biktimarioa” nor den zehaztu gabe uzten duelako. “Espainiko Estatuaren biktimak gara, eta hori da onartu beharreko lehenengo gauza”.