Polizia gehiegikerien biktimentzako legea moldatzeko ekinaldiak lehen urratsa egin du, Eusko Legebiltzarrean. Osoko bilkurak eztabaidarako onartu ditu EAJk eta PSE-EEk aukeztu dituzten aldaketak. Moldaketa horiek Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin adostu zituen, hark Espainiako Konstituzio Auzitegian legearen kontra jarri zuen helegitea erretiratzearen truke.
EAJk eta PSE-EEk defendatu dute moldaketek "segurtasun juridikoa" bermatuko diotela legeari eta hark zituen helburuei eutsiko diela. Jaurlaritzari sostengua ematen dioten alderdiek nabarmendu dute polizia gehiegikerien biktimei ordain politikoa eta babesa ematea dela legearen xedea. 1968 eta 1999 arteko kasuetara mugatzen da.
EH Bilduren iritziz, berriz, hasierako legea neurri handian mugatuko dute EAJk eta PSE-EEk proposatutako aldaketek. Julen Arzuaga legebiltzarkideak nabarmendu duenez, legebiltzarrean onartu zen legea indarrean jarri aurretik erreformatuko da, Mariano Rajoyren gobernuak jarritako helegiteak "bahitu" egin duelako. "Sakoneko" arazoa dela ohartarazi du. EH Bilduk abstenitzea erabaki du biktimek beren aitortzarako "zirrikitu" bat izan dezaketelako legean.
Elkarrekin Podemosen botoei esker egin du aurrera proposamenak. Biktimen aitortzarako urrats txiki bat dela adierazi du koaliziok, eta Auzitegi Konstituzionalak harago joateko ezartzen dituen mugak salatu ditu. Auzitegiak Nafarroako Polizia gehiegikerien biktimentzako legea indargabetu zuen, joan den uztailean. Orduan argudiatu zuen konstituzioaren kontrakoa zela Nafarroako erakundeek auzitegietatik at dagoen batzorde bat eratzea delituak ikertzeko.
Konstituzionalak ebatzitakoaren ildotik, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen legea ere legez kontrakoa dela defendatu du PPk, eta ohartarazi du proposatzen diren aldaketek ez dutela hori aldatuko. Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren hainbat sindikatuk atzo egin zuten protesta ekarri du gogora Carmelo Barrio legebiltzarkideak.
Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren hainbat sindikatuk elkarretaratzea egin zuten, atzo, Bilboko Justizia Jauregiaren parean, Polizia gehiegikerien biktimentzako legeak estatuko segurtasun indarrei "ospea kendu" nahi diela salatzeko. Zenbait biktima elkartek ere elkarretaratzean parte hartu zuten. Ertzaintzako sindikatu nagusi Ernek babesa adierazi zien deitzaileek eta elkarretaratzean izan zen, bost minutuz.