Memoria

Polizia indarkeriaren biktimen lege proposamenak aurrera egin du Nafarroan

Parlamentuan bozkatu dute. Ezkerrak, Bilduk, Aralar-NaBaik, Geroa Baik eta PSNk alde bozkatu dute, eta UPN eta PP abstenitu egin dira.

Ezkerrako Txema Mauleonek aurkeztu du lege proposamena. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko urtarrilaren 16a
18:57
Entzun

Polizia indarkeriaren biktima batzuek agerraldia egin ostean, alderdien txanda izan zen atzo, eta lehen tramitean baiezkoa eman diote lege proposamenari. Ezkerrako Txema Mauleoni egokitu zaio lege proposamena aurkeztea. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak 2008an egindako txosten baten arabera, 184 hildako eta 774 zauritu eragin ditu estatuaren indarkeriak, eta horri torturatuen kopurua erantsi beharko litzaioke: "Adituen arabera, ezin da eman estatuaren indarkeriak eragindako hildakoen eta zaurituen inguruko zifra dokumentaturik, batez ere trantsizioko urte nahasietan eta demokraziaren lehen urteetan".

Mauleonen ustez, biktima horiek ere justizia, egia, ordaina eta memoria izan behar dute, eta hori egin nahi dute lege proposamenaren bidez. Era berean, egiaren batzorde bat sortzea eta torturaren gaia sakon aztertzea ere proposatu dute. "Argi utzi nahi dugu auzia ez dela ETAk eta estatuko segurtasun indarrek eragindako indarkeria parekatzea", esan du, eta gaineratu: "Baina egon behar du biktima guztien eskubideetan parekatze bat". Haren ustez, urteotan bi errealitate egon dira: biktima horiei inolako aitorpenik eman ez dieten erakunde ofizialena, eta bestea familien errealitatea. "Aukera ona dugu instituzioek aitortu gabeko gertaera horien katarsia egiteko".

UPNko Carlos Garcia Adanerok abstentzioa iragarri du. Elkartasuna adierazi die modu bidegabean injustizia pairatu duten familiei, eta iragarri du lege proposamenaren eduki batzuk "aldagarriak" direla. Iradoki du auzi horretan ez dagokiola parlamentuari gertaeren ikerketa batzordea irekitzea, baina argi utzi du helburuak izan behar duela "inork berriro horrelako indarkeriarik ez pairatzea".

PSNk baiezko botoa eman du. Santos Cerdanek azpimarratu du biktima orok duela ordaina jasotzeko eskubidea, "bere jatorria dena dela". "Zuzenbide Estatuaren alde beti egon garenok indar morala dugu biktima oro aitortzeko". Lege proposamenaren edukia "apur bat nahasia" dela gaineratu, eta aldaketa batzuk iragarri ditu. "PSNk ez du izan aurpegi bikoitzik. Indarkeria oro gaitzetsi dugu, arrazoi politikoek eragindako hilketa oro, datorren tokitik datorrela".

Bildu: "Alderdikerien gainetik"

Bilduko Bakartxo Ruizek gogora ekarri du biktima horiek ez direla sartzen 2010eko Biktimen Legean, eta hutsune hori bete behar dela deritzo. Haren ustez, "alderdikerien gainetik, zintzotasunez eta konpromiso sendoz" oinarri sendoak jarri behar dira. "Bidea ez da erraza, zailtasunak badaude, errealitatea ikuspuntu anitzekoa da, eta kontakizuna ez da berdina, baina hori ezin da oztopo izan. Urratsak motelak badira ere, izan daitezela benetakoak eta atzeraezinak".   Ruizek zalantza agertu du legealdia amaitu bitarteko epean denborarik izango ote den eztabaidari patxadaz heltzeko. "Espero dugu eztabaida zintzoki egitea eta biktima guztien aitortza egiteko bidean urrats positiboa egitea".

Patxi Zabalataren arabera, justiziazkoa izateaz gain, "zentzu onekoa" da biktima guztien aitorpena egitea. "Biktima guztiak elkartzearekin bizikidetzari egiten zaio ekarpena". Gaineratu du ETAren biktimen memoriari ere "duintasun demokratikoa" ematen zaiola. Gogora ekarri du, hala ere, urteotan hainbat lege proposamen eta mozio eztabaidatu direla eta ez direla aurrera atera. Horregatik, pozik azaldu da eztabaidari helduko zaiolako.

PPk abstentzioa iragarri du, baina Eloy Villanueva parlamentariak argi utzi du legearen edukia ez duela gustuko. Bere esanetan, Justiziaren erabakiak gustuko ez direnean, ezin du legebiltzar batek ikerketa batzorde paralelorik sortu. "Justizian sinesten bada, oso tentu handiz ibili behar da auzi batzuk planteatzean". Bere esanetan, Justiziak zigortzen duenean justizia egiten du eta inkriminaziorako elementurik topatzen ez duenean ere bai. Bat etorri da, ideologikoki biktima guztien aitortzarekin.

Geroa Baik ezin izan du parte hartu eztabaidan, baina aldeko botoa eman dio lege proposamenak lehen tramitean aurrera egiteari. Twitterren Patxi Leuza parlamentaria proposamenari ekarpenak egiteko prest azaldu da.

Txema Mauleonek berriro hartu du hitza, eta ontzat jo du kontrako botorik ez egotea. Villanuevari erantzun dio asmoa ez dela epaileen lana ordezkatzea, baina gogora ekarri du justiziarik ez zutela jaso biktima horiek eta hutsune hori ere bete beharra dagoela.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.