Faisan auzian auzipetuta dauden hiru poliziaburuei ETAri laguntza eman izanaren delitua erretiratzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Pablo Ruz epaileari. Carlos Bautista fiskalak bat egin du, beraz, polizien defentsak asteon aurkeztutako helegiteekin. Auzipetuta dauden hiru polizien ideologiak eta ETArenak ez dutela bat egiten dio. Hala, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren jurisprudentziari jarraituz, kolaborazio delitua baliogabetzeko eskatu dio epaileari.
Hala ere, fiskalak eskatu du auziak «auzitegi arrunt» batean jarrai dezala aurrera, estaltzea eta ezkutuko informazioa zabaldu izana leporatuta. Epaileak eskaera onartuko balu, Irungo epaitegiaren esku geratuko litzateke auzia.
Pablo Ruz epaileak aste honetan jakinarazi die auzipetze autoa Victor Garcia Hidalgo Espainiako Poliziako zuzendari ohiari, Enrique Pamies Poliziako EAEko buruzagia izandakoari eta Jose Maria Ballesteros Arabako Informazio Brigadako inspektoreari. Epailearen autoaren arabera, Ballesteros izan zen Faisan ostatuan sartu eta Joseba Elosua jabeari sakelako telefonoa eman ziona. Telefono horretan jasotako dei baten bidez jakin zuen Elosuak ETAren aurkako polizia operazio bat prest zegoela; dei hori Pamiesek egin zuela uste du epaileak.
Poliziaburuei kolaborazio delitua kentzeko eskatu du fiskalak
'Faisan auzian' auzipetuta dauden poliziek ez dutela ETAren ideologiarekin bat egiten argudiatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu