Espainiako Poliziak eta Bilboko Udaltzaingoak sarekada bat egin zuten atzo goizean Bilbon, Basurtu auzoko beilatoki zaharrean. SOS Arrazakeriako kideek BERRIAri jakinarazi diotenez, 65 bat etorkin identifikatu zituzten udaltzainek eta poliziek, eta 45 atxilotuta eraman zituzten. Edizio hau ixteko orduan hasiak ziren gehienak aske uzten, nahiz artean batzuk falta ziren. Paperik ez daukate, eta kanporatzeko aginduarekin laga dituzte aske.
Goizean, bederatziak aldera sartu ziren poliziak utzitako eraikinean. Asteon, hainbat hedabidek jakinarazi dute etorkinek bizilekutzat hartua zutela. Atzerritarren auziez arduratzen diren Espainiako Poliziaren hiru taldek hartu zuten esku. Bilboko udaltzainak ere izan ziren, baina haien eledun batek BERRIAri adierazi dio ez zutela inor atxilotu, Espainiako Poliziak egin zuela hori.
Iluntzean hasi ziren pixkana-pixkana guztiak askatzen. Oraindik zehazteko dago zehatz zenbat diren atxilotuak eta haietako zenbati ezarri dieten kanporatzeko agindua. Guardiako auzitegitik 15 bat pasatu ziren atzo arratsean. Litekeena da, hala ere, atxilotutako guztiak epailearen aurrera eraman ez izana. Atzo azken orduan gutxik segitzen zuten atxilo, eta aske uztekoak zituzten.
Sarekadaren berri izan orduko, presazko balorazioa egin du SOS Arrazakeriak. Bilboko Udala egin du erantzule: «Berriro ere, poliziekin erantzun die gizarte arazoei».Salatu du paperik gabeko etorkinak «kriminalizatzea» duela xedea. Gaurko iluntzerako protestara deitu dute, Immigraziorako Espainiako Estatu idazkaria Bilbon izango baita. 19:00etan dute ordua, PSE-EEren egoitza aurrean.
Poliziak 45 etorkin atxilotu ditu Bilbon
Utzitako eraikin batean sartu, eta atxilotu egin dituzte paperik gabeko etorkinak; kanporatze agindua ezarri diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu