Polizia Donaixtiko eskolan (Nafarroa Beherea) sartu da gaur goizean, 10:30 aldera, eta han zeuden gazteak kanporatu ditu. Jendarme ugari bertaratu dira bederatzi autotan, eta herrirako sarrera itxi dute kaleratzeak iraun duen bitartean. Haiekin batera izan da Jean-Pierre Vigneau Donaixtiko alkatea. Ez du gazteekin hitz egitea onartu, eta, okupazioa bukatu denean, gazteak manifestazio bat eginez bere etxera abiatu dira hitzordua eskatzera. Bihar bilduko dira okupazioko delegazio bat eta herriko hautetsiak, 15:00etan, Herriko Etxean.
Gazteek beren kabuz utzi dute eskola, eta ez da iskanbilarik izan. Jendarmeek baimena eman diete gazteei eskola barruan duten material guztia jasotzeko. Kaleratzea salatzeko manifestaziora deitu dute larunbaterako (15:00), San Mixel eskolatik irten eta Donaixtiko Herriko Etxera arte.
Uztailaren 21ean lagun talde bat eskolara sartu zen, etxebizitza kolektibo bat eta kultur gune bat sortzeko xedearekin. Hilabetera, abuztuaren 22an, etxea husteko agindu zuen Baionako auzitegiak. Agindua jaso, eta 72 orduko epea eman zieten okupatzaileei handik alde egiteko. Gazteek uko egin zioten eskola uzteari. Bordeleko serora talde batena da etxea, eta haiek egindako kanporatze eskaera babestu egin du epaileak. Denbora horretan, jabeekin ados jartzen saiatu dira, baina ezinezkoa izan da.
Hamasei hautetsik sinatu dute bizitoki kolektibo eta kultur etxe baten proiektuaren aldeko mozioa, eta zehaztu okupatzaileen forma baino haratago funtsa sostengatzen dutela.
Seroren abokatuak adierazi zuen tokia "arriskutsua" dela eta handik joateko "behar gorria" dagoela. "Arazoa ez da duten egitasmoa, baizik eta erabilitako metodoa", esan zuen abokatuak, eta argi utzi zuen okupazioaren hautua "bidegabekoa" dela. Okupatzaileen defentsak, berriz, adierazi zuen ezetz, ez dela arriskurik, eta okupazioa defendatu zuen: "Okupazio hori herriaren interesaren alde doa; nahasmendu bidegabeez arras urrun gara". Lau gazte epaitu zituzten abuztuaren 14an, eta 500 euro pagatu beharko dituzte.
1953. eta 2009. urteen artean, Donaixtiko egoitza okupatu berria eskola pribatua zen. Duela hiru urte, ez zelakoan errentagarria, ixtea erabaki zuten serorek. Hainbat hautetsi eta herritar luze borrokatu ziren eskola irekirik egon zedin, baina, azkenean, ez zuten helburua kausitu.