D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketako laugarren saioan perituek deklaratu dute gaur berriro ere, Madrilen. Defentsak proposatutako peritu batek ere parte hartu du. Ardatz Enbeita itzultzaileak akusazioaren oinarrian dauden ETA eta Batasunaren agiri batzuen gainean poliziek egindako itzulpenak aztertu ditu. Enbeitak agerian utzi du poliziek paragrafo batzuk hautatu dituztela eta beste batzuk ez. Era berean, esan du jatorrizkoan ez dauden esaldi batzuk ”itzuli” dituztela.
Fiskalak proposatutako bost perituk ere parte hartu dute. Lehenengo laurek miaketa batean atzemandako suziri batzuk aztertu dituzte, eta azaldu dute ez dutela hatz markarik topatu. Bosgarrenak, berriz, auzipetu batzuen eta D3M eta Askatasunaren diru kontuak aztertu ditu: ez du delitu zantzurik aurkitu.
Polizia-peritu batek hiru ordu eman ditu analisi dokumentala egiten, baina ez du ezer berririk planteatu. Esan du auzipetuei atzemandako dokumentazioak eta auzipetuek dituzten harremanek agerian uzten dutela "ETAren fronte politiko-instituzionaleko, Batasuneko mahai nazionaleko edo Ekin-eko kide" direla.
Frogarik ez
Atzoko saioan, perituek berretsi zuten auzipetuen xedea politikoa zela, eta aurkako froga zehatzik ez zuten aurkeztu. Defentsak ez zien galderarik egin perituei, usteak baino ez zituztelako azaldu. Hamahiru auzipetuei ETAren aginduz lan politikoa egitea leporatzen diete; 109 urte eskatu dituzte guztira.
Epaiketaren bigarren saioan ere perituek ez zuten froga zehatzik aurkeztu. Auzipetuta dauden hamahiru lagunen "adierazpen eta jarrerek" ETA eta Batasunaren estrategiarekin bat egiten dutela adierazi zuten.
Lehen saioan, aldiz, auzipetuek esan zuten ez zituztela ETAren edo Batasunaren aginduak jarraitu, eta haien jarduna "publikoa eta legezkoa" izan zela azaldu zuten.
Datorren astean jarraituko du
Epaiketa bihar jarraitzekoa bazen ere, ez da saiorik izango. Hilaren 17rako eta 18rako deituta daude auzi saio gehiago. Horiek ere auzitegiak San Fernando de Henaresen duen egoitzan, Madrildik hamabost kilometrora.
Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozua auzipetuei ETAko kide izatea leporatzen diete, eta bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat. Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanari, berriz, ETAri laguntza ematea, eta zazpi urteko zigorra eskatu dute haientzat..
Larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon, auzipetuei babesa adierazteko.