ERT Greziako telebista publikoko Atenasko egoitza hustu du gaur goizean goiz poliziak, eta lau kazetari atxilo eraman ditu, nahiz eta handik gutxira askatu. Iragan hilaren 11n Antonio Samarasen gobernuak telebista publikoa «berehala» ixteko agindua eman zuen, eta 2.800 langile inguru kaleratu zituzten. Ordutik, Atenasko eta herrialdeko beste hainbat hiritako egoitzak hartuak dituzte kazetariek, eta emititzen jarraitzen dute.
«Burugogorrak gara, ez dugu etsiko». Nikolas Tsinpidas Greziako telebistako ERTko kazetaria beste hiru lankiderekin batera eraman du atxilo poliziak. «Polizia indarrean sartu da ERTko Atenas egoitzan, eta eraikina husteko agindua eman digu airean geundela». Miatze baimenik ez diete erakutsi, baina eraikina utzi behar izan dute kazetariek. «Poliziak mikrofonoak itzaltzeko agindua eman, eta polizia etxera eraman gaitu».
«Momentu honetan lau lankide daude egoitzan, poliziaren miaketaren lekuko gisa». Miaketa bukatzean, eraikina guztiz hustuko dute. Herritarrek egoitzaren hustearen berri izandakoan elkartasuna adierazi diete langileei. «Milaka lagun daude egoitzaren kanpoaldean».
Eraikina hustu badute ere, Tsinpidasek ez du amore eman nahi. «Bost hilabetez erakutsi dugu gogorrak garela. Gure lankideak borrokan jarraitzen dute». Salonikako egoitzatik ez ezik, 19 eskualdeko irratietan lanean jarraitzen dute irrati telebista publikoko langileek. «Jendearen babesa dugu. Emititzen jarraitzen dugu. Hemen gaude».