Herenegun gauean atxilotu zituen Frantziako Poliziak Bordeleko (Frantzia) etxe batean Javier Lopez Peña, Jon Salaberria, Igor Suberbiola eta Ainhoa Ozaeta ustezko etakideak, atzo 11:00etan hasi zuen etxearen miaketa eta egun osoa behar izan zuen horretarako, gaur goizeko hiruretan bukatu duelako, atxilotuak hantxe zituztela.
Polizia iturrien arabera, ez dute ezer berririk aurkitu. Herenegun gauean esan zuten bezala, bost pistola automatiko, lehergai pixka bat (kloratoa), diru apur bat (mila euro), agiri faltsuak, ETAko dokumentazioa,material informatikoa, eta autoen matrikulak eta plakak faltsutzeko materiala topatu ditu. Ustezko etakideek lapurtutako bi auto erabitzen zituztela ere badio Poliziak -2006ko abuztuan eta abenduak ostutakoak-, eta horiei ere aurkitu ditu.
Lopez Peña, Salaberria, Ozaeta eta Suberbiola bihar eramango dituzte Parisera, asteburuan epailearen aurretik pasarazteko.
Espainiak bere esku eduki nahi ditu
Espainiak lehenbailehen bere esku eduki nahi ditu euskal herritarrak. Bere jurisdikzioari uko egin eta Salaberria, Ozaeta eta Suberbiola Espainiaren esku uzteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Frantziari. Lopez Peñari buruz ez dio eskari hori egin, hark Frantzian ere badituelako auzibideak bere kontra. Horretaz gain, Bordeleko miaketetan atzemandako material guztia aztertzeko baimena ere eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Frantziak ez du auzibideari uko egiteko eskaera onartu, eta atxilotuei buruzko ikerketa abiatu du, "helburu terroristadun gaizkile taldeko kide izatea" egotzita. Orain, lau atxilotuak aldi baterako entregatzeko eskatuko dio Espainiak Frantziari.
Peñaren, Salaberriaren eta Suberbiolaren kontra nazioarteko atxilotze agindua emana zuela ekarri dio gogora Auzitegi Nazionalak Frantziari. Horiei ETAko kide izatea leporatzen die Espainiak eta beren kontrako auzibideak abiatuta zituen.
Ozaetaren egoera desberdina da. Herenegun arte ez zegoen bere kontrako auzibiderik Espainian, baina atzo bertan ireki zioten prozedura bat. "Talde armatuko kide eta buruzagi" izatea egozten diote.
Parisko Fiskaltzak ikerketa abiatu du Bordelen atxilotutako lau lagunen inguruan. "Helburu terroristadun gaizkile taldeko" kide izatea egozten die, eta baita "ekintza terroristak prestatzen" aritzea, matrikula faltsudun ibilgailuak "helburu terroristekin" erabiltzea eta antolatutako lapurreta egitea ere. Nolanahi ere, kaleratutako oharrean diotenez, oraindik ez dute argitu atxilotuetako bakoitzak zein funtzio zehatz zuen.
Polizia Judizialaren Terrorismoaren Kontra Azpizuzendaritzari agindu dio ikerketa Parisko Fiskaltzak. Hain justu, poliziaren sail hori da Guardia Zibilarekin elkarlanean Bordeleko atxiloketan egin zituena eta orain atxilotuen etxean arakatzen ari dena.
Fort eta Barandiaran
Frantziako Poliziak atzo Baionan Fred Fort atzeman zuen -Bordeleko etxe haren jabea da-, eta bere esku du oraindik. Guardia Zibilak, berriz, Jose Antonio Barandiaran atxilotu zuen atzo Andoainen (Gipuzkoa), Ozaetarekin bilerarik egin izan duelakoan, eta honek guardia zibilen kuartelean jarraitzen du.
Poliziak gaur goizaldean bukatu du Bordeleko etxearen miaketa
Polizia iturrien arabera, ez dute ezer berririk aurkitu. Javier Lopez Peña, Jon Salaberria, Ainhoa Ozaeta eta Igor Suberbiola bihar eramango dituzte Parisera, epailearen aurretik pasarazteko. Jose Antonio Barandiaranek Guardia Zibilaren esku segitzen du. Bordeleko etxearen jabe Fred Fort ere atzeman zuten atzo, eta Baionako polizia etxean daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu