Espainiako Poliziak bi salaketa jarri ditu, gorrotoa sustatzea eta "terrorismoari gorazarre" egitea egotzita. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak jakinarazi du Poliziak Nafarroako Probintzia Auzitegian aurkeztu dituela salaketak. Gobernuko ordezkariaren arabera, gorrotoa sustatu zen martxan, Espainiako erregearen, Espainiako Gobernuko presidentearen eta Segurtasun Indarren karikaturen aurka zapatak jaurti zituztelako.
Bestetik, "terrorismoa goratzea" leporatuta aurkeztu du beste salaketa bat, "ETA erakunde terroristeko bost preso omendu" zituztelakoan.
Covitek ere salaketa jarriko duela jakinarazi du. Gorrotoa sustatu zutela argudiatuta jarriko die salaketa Herri libreen martxa-ren antolatzaileei. Coviteren arabera, martxan zehar Estatu espainiarra, estatu terrorista bezalako oihuak entzun baitziren, eta gainera, Espainiako Estatua epaitu eta errudun jo zuten.
Bestalde, hainbat karikaturei zapatak jaurti zizkietela-eta, Covitek uste du umiliazioa sustatu zela Iruñeko atzoko martxan. Bereziki arbuiagarria egin zaie haur eta adingabeak hori egitera sustatu izana.