EUSKAL HERRIA

Poliziak zaurituta eraman du atxilo Luis Goñi operazio bortitz eta azkar batean

Zauritu gehiago ere badira. 'Herri harresia' egin dutenak prest ziren Goñi gauean ere babesteko. Manifestazioa egin zuten atzo eguerdian, 'Desobedientziaz libre bizi' lelopean. Ondoren, Nabarreria kalean agertu zen Goñi, eta hura babesteko inguratu zuten herritarrek. Bideoa: Espainiako Polizia, hesia osatzen zutenei oldartzen (Joxerra Senar). [YouTube]http://youtu.be/huqs0kEScBQ[/YouTube]

2013ko urriaren 14a
15:49
Entzun
Gauerdia pasa eta ordu eta laurdenera iritsi da Espainiako Polizia Iruñeko Nabarreria kalera. Isil-isilik zen ordu horretan Luis Goñiri babesa adierazteko eguerdian sortu den herri harresia, eta Polizia iritsi denean "utzi bakean Euskal Herria" eta "Luis, herria zurekin" oihu artean hartu dituzte. Bortitz sartu da, ordea, Polizia jendearen artera, eta oso gogor hasi dira tiraka poliziak, "indarkeriaz", Joxerra Senar BERRIAko kazetariaren arabera, Goñi atxilotzeko asmoz.


 


Senarrek gaineratu duenez, Goñi ahotik odoletan zela eraman dute, eta, horrez gain, zauritu gehiago ere izan dira. Pare bat anbulantzia iritsi dira, eta zaurituak artatu dituzte. Bi lagun eraman dituzte ospitalera. Gaur jasoko dute zaurituen inguruko informazio gehiago. Arratsaldeko 20:00etan kontzentratzera deitu dute Barañainen, Luis Goñi eta Xabier Sagardoiren alde.


 


11 minutuko operazioa


 


Nabarreria kaleko iturrira azkar iritsi dira poliziak, eta azkarra izan da Goñi eramateko operazioa ere: 11 minutukoa. Gaztearen inguruan zeudenak indarrez eta arrastaka atera ditu, borrekin joz, eta Goñi eraman du atxilotuta, airean. Une horretan, pilotakadak bota ditu herri harresia osatzeko bilduta zeudenen aurka, eta segundo gutxi batzuetan hustu du Nabarreria kalea. Tentsioa Iruñeko Alde Zaharrera zabaldu da une batez, Poliziak pilotakadekin jarraitu baitu.


 


Poliziak joan direnean, Goñiri babesa ematera joandakoak berriro bildu dira Nabarrerian, eta txalo artean eman diote amaiera herri harresiari. Eskerrak eman dituzte, eta "bidea hori" dela azpimarratu. Modu pasiboan aurre egiteko eskatua zuten herri harresiaren antolatzaileek, Poliziari aitzakiarik ez emateko, eta babesa ematera joandakoek izan duten jarrera nabarmendu dute. Askegunea txukuntzen jardun dira gero, han baitzeuden gaua pasatzeko eramandako lo zakuak.


 




 


Herri harresia gaua igarotzen ari zen Iruñeko Nabarreria kalean, Luis Goñi zigortutako gazte barañaindarraren atxiloketa saihesteko asmoz. Eguerdian, jendetzak bat egin du Golem aretoetatik abiatutako desobedientzia martxarekin, eta hainbatek herri harresia osatu dute ondoren kale horretan, Goñi babesteko. Joxerra Senar BERRIAko kazetaria unean uneko kontakizuna egiten aritu da bertatik bertara.


 


Iragarria zuen Goñik manifestazioaren ostean agertuko zela Iruñean, eta hala egin du. Alde Zaharra poliziek hartu badute ere, Nabarreria kalean azaldu da gaztea, eta haren inguruan bildu dira hesia osatzera. Hura babestera joan direnei eskerrak eman dizkie (bideoa: Ateak Ireki).


 


[Youtube]http://youtu.be/arvOVPTFzcc[/Youtube]


 


Poliziak Goñi atxilotzeko ahalegina noiz egingo zain, gaua bertan igarotzea erabaki dute han bildutakoek. Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak ohartarazi zuen Goñi topatzean atxilotuko zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.