Patxi Lopezen legealdiaren amaiera. Lege ekimena

Poliziaren biktimekin, oso motel

Eusko Jaurlaritzak urte erdia behar izan du estatuaren biktimei dagokien lehen dekretua onartzeko; orain ekin dio 1979tik gaur arteko biktimei dagokiena lantzeari.

edurne begiristain
Gasteiz
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Poliziaren biktimei aitortza eta erreparazioa emateko «berandu» iritsi da Eusko Jaurlaritza. Hala aitortu zion Jesus Loza Jaurlaritzako Elkarbizitza eta Memoriarako arduradunak BERRIAri ekainaren 10ean argitaratutako elkarrizketan. ETAren biktimekin alderatuta, «berandu» heldu da Jaurlaritza estatuaren biktimen kasuan. Duela bi aste onartu zuen Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak biktima horiei buruzko lehen dekretua, 1960tik 1978ra bitarteko epea hartzen duena. Gobernuak urte erdi inguru eman du dekretu hori lantzen, eta zehaztutako epeak betetzen badira, hilabete baino lehen hasiko dira biktima gisa onartuak izan nahi dutenen eskaereri erantzuten.

Beste dekretu bat ere egin asmo du Jaurlaritzak, baina nekez lortuko du legealdi honetan onartzea. Idoia Mendia Justizia sailburu eta eledunak berak aitortu du lehena baino «zailagoa» izango dela bigarrena idaztea eta onartzea baina itxaropena baduela. Justizia Sailean ez dira hain baikorrak, eta bertako iturriek BERRIAri aitortu diote 1979tik gaur egunera arteko kasuen dekretua «oso berde» dagoela oraindik. Hala ere, esperantza dute lehen dekretua egiteak bigarrena azkarrago egin ahal izateko balio izatea.

Jaurlaritzaren ekimenetik harago, badira biktimen alorrean bestelako proposamenak legebiltzarrean. Izan ere, Jaurlaritzak ez ezik, legebiltzarreko taldeek ere badute aukera lege proposamenak aurkezteko. Une honetan, legebiltzarrean tramitatzen ari diren zortzi lege proposamenetatik, Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoa da garrantzitsuenetarikoa. Lege ekimena aintzat hartu berri du legebiltzarrak osoko bilkuran, EAJ, PSE-EE, Ezker Anitza eta Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe Aralarretik egotzitako legebiltzarkideen aldeko botoari esker. PPk eta UPDk ez dute babestu, eta EA eta Aralarreko ordezkariak abstenitu egin dira.

Horrenbestez, aurrera doa Oroimenaren Institutua sortzeko proposamena. Haatik, bide luzea du oraindik egiteko. Orain lantaldera joango da, eta zuzenketak aurkezteko epea irekiko da. Lantaldetik osoko bilkurara itzuliko da berriro, azken oniritzia jasotzeko. Proposamenaren sinatzaileen asmoa da egungo legegintzaldian onartzea eta indarrean jartzea, baina denbora gutxi izango dute horretarako, Patxi Lopezek bozak aurreratzea erabakitzen badu.

Bakerako lantaldea

Ibilbide laburra izan dezake Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldeak ere. Apirilaren 23an eratu zen, legebiltzarrean, eta ordutik zazpi aldiz bildu da. Lan plana eta egutegia finkatzeko egindako bileretatik aparte, lau agerraldi izan ditu: Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariarena, Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidearena, Reyes Mates filosofoarena eta Jesus Loza Elkarbizitza eta Memoria arduradunarena. Legebiltzarreko agendak dioenez, lantaldea datorren astelehenean bilduko da berriro, eta Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko buruak egingo du agerraldia. Uztailean bilkura saiorik ez badago, ez du beste bilerarik egingo udazkena arte.

EAk, Aralarrek eta UPDk ez dute parte hartzen lantalde horretan, eta PP bertan dagoen arren, ez du bat egiten ezker abertzaleko ordezkariak gonbidatzeari. Alberto Spektorowski lantaldera gonbidatua izan zenean arrazoi berberak erabili zituen parte hartzeari uko egiteko. Lantaldearen ibilbidea mugatua izan daiteke bozak aurreratzen badira, eta hurrengo legebiltzarraren esku legoke lantaldea osatu edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.