Poliziaren biktimen aldeko erreparazio neurriak bultzatuko ditu Legebiltzarrak

PSE, EAJ, Aralar, EA eta EBk zio politikoak eragindako biktimei buruzko lan taldea eratzea proposatu dute

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Poliziaren indarkeriak eragindako biktimentzat erreparazio neurriak martxan jartzearen alde, bat egingo dute gaur PSE, EAJ, Aralar, EA eta EBk Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, legebiltzar talde horiek legez besteko proposamena erregistratuko dute motibazio politikoak eragindako biktimen erreparazioa eta aitortza eskatzeko. BERRIAk jakin duenez, proposamen horren bitartez, PPk eta UPDk ez gainerako legebiltzar taldeek zio politikoak eragindako giza eskubideen urraketak aintzat hartzeko eta biktima horiei ordaina emateko «bide orria» taxutu nahi dute. Besteak beste, polizien biktimen aldeko neurriak bultzatzeko lan taldea eratzea proposatuko dute PSEk, EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk.

Abenduaren 1ean Eusko Jaurlaritzako biktimen arretarako bulegoak motibazio politikoak eragindako biktimei buruz aurkeztutako txostenean oinarrituta aurkeztuko dute taldeok legez besteko proposamen berria. Txosten horretan, 1968tik gaur arte Poliziaren indarkeriak eragindako biktimei «erabateko erreparazioa» ematea proposatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Eta, besteak beste, biktima horiei aitortza eta erreparazioa neurri zehatzekin bermatuko zitzaiela agindu zuen.

Erabaki hura akordio batean zehaztea ezinbestekoa dela uste dute orain legebiltzar taldeek, etorkizuneko «bide orria» finkatuta egon dadin. Sei puntutako legez besteko proposamena aurkeztuko dute, Legebiltzarreko osoko bilkurak eztabaidatu eta bozkatu dezan. Alde batetik, legebiltzar taldeek premiazkotzat jo dute Jaurlaritzak erreparazio programa lehenbailehen eratzea, eta hura baliabidez hornitzea. Halaber, indarkeriaren biktimen erreparazioa bermatzeko neurriak martxan jartzea eskatu diote gobernuari. Gainera, erreparaziorako laguntzak jasotzekobete beharreko baldintzak eta laguntza horien zenbatekoa zehazteko araudia 2011. urtea amaitu baino lehen onartu beharko luke gobernuak, taldeen arabera.

Horrekin batera, erakundeen eta biktimen arteko harremanak errazteko tresnak abian jartzea ezinbestekotzat jo dute, bai eta Jaurlaritzak emandako pausoen berri giza eskubideen batzordean azaltzea ere. Azkenik, Eusko Legebiltzarreko motibazio politikoak eragindako biktimen aldeko erreparazio eta aitortza neurriak bultzatu eta horien jarraipena egiteko, Eusko Legebiltzarrean lan taldea eratzea proposatu dute PSEk, EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk.

Motibazio politikoak eragindako biktimen auzia «zuhurtziaz eta adostasunez» landu behar dela jakitun, legebiltzar taldeek proposamenaren hitzaurrean diote «terrorismoaren biktimen» samina ez ezik, bestelako sufrimenduak ere egon direla, eta horiek ez dutela gaur arte aitortzarik eta erreparaziorik izan. Horregatik, bestelako biktimen samina aitortuko duen bidea «elkarrekin» hasteko prest daudela diote. Bide hori «soseguz» egin nahi dute, jakinda ere zenbait datu lortzea zaila izango dutela, eta bidean «interesatutako blokeoak» aurkituko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.