Kolpeak, mehatxuak, astinduak eta antzeko tratu txar eta torturak salatu dituztenean Hernani eta Urnietako gazteek gezurra esan dutela azaldu zuten atzo haien atxiloketetan parte hartu zuten poliziek, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gazte horien kontra egiten ari diren epaiketan lekuko gisara deklaratu zuten, eta egun haietan gertatutakoei buruz defentsako abokatuek galdetutako xehetasunez ez zirela akordatzen esan zuten arren, atxilotuei emandako tratuarekin oroitzen zirela esan zuten, eta epaituek emandako bertsioaren guztiz kontrakoa eman zuten.
Operazioko instruktoreak esan zuen jo baldin bazituzten berak jakingo zuela eta epailea jakinaren gainean jarriko zuela. Garzon protokoloa deiturikoa aplikatu zietela kontatu zuen, eta ez zituztela ez jo eta ez presionatu ez Madrilen,ez Donostian, ezta bidean ere. «Atxilotuak kontrolatuta egon ziren, eta ez zitzaien ezer gertatu».
Segiko kide izan eta «talde terroristako kide» izatea leporatuta epaitzen ari dira gazte horiek, eta zazpi eta bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak. Nolanahi ere, epaiketan Segirekin lotutako gauza gutxi agertu da orain arte. Atzo deklaratu zuen polizia batek azaldu zuen miaketak egin zituztenean kale erasoetan erabil zitekeen materiala eta «Euskal Herriaren independentziarekin» zerikusia zuena biltzeko agindua zutela. Polizia txostenetan ez dago zehaztuta, ordea, miaketetan hartutako gauza horiek zein gelatatik dauden hartuta. Adibidez, Mikel Garciaren etxetik latexezko eskularru batzuk eraman zituzten, baina ez du jartzen trastelekutik hartu zituztela. «Ez zitzaidan garrantzitsua irudituko han zeudela zehaztea», esan zuen miaketan egon zen poliziak. Han egonda, ordea, etxeko edozeinenak izan zitezkeen.
Poliziek diote Hernaniko eta Urnietako gazteek gezurra esan dutela torturak salatuta
Hamar gazteren kontrako epaiketan, atxiloketetan parte hartutako poliziek deklaratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu