Atxiloketak

Polizien esku jarraitzen dute ETArekin lotuta atzo atxilotutako hamabi lagunek

Inkomunikatuta, Frantziako zein Espainiako polizien esku, jarraitzen dute ETArekin harremana izatea egotzita atzo atxilotu zituzten hamabi lagunek. Zazpi Frantziako Poliziaren mende dira, eta beste bostak Espainiako Poliziak dauzka atxilotuta. Askatasunak uste du Lapurdin atxilotutakoak Baionako komisaldegian daudela, eta Gipuzkoan eta Herrialde Katalanetan atzemandakoak, berriz, Madrilen. Hala ere, berri zehatzik ez du. Osasun arazoak dituztela eta, Iñaki Aristizabal eta Ramon Sagarzazuren senideek =i habeas corpus=i-a eskatu dute.

2006ko ekainaren 21a
18:39
Entzun
Zehazki, ETAren finantziazio egiturarekin zerikusia izatea leporatzen diete atxilotutako hamabi lagunei. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak eta Parisko Laurence Le Vert epaileak gidatu dute operazioa.

Atxilotuetako hainbat ETAko kide historikoak dira. Besteak beste, Julen Madariaga ETAren sortzaile izana eta egun Aralarreko zuzendaritzako kidea, Iñaki Aristizabal Oiartzungo alkate ohi eta Bergarako alkateen mugimenduko kide izana, eta Anjel Iturbe, Eloi Uriarte eta Ramon Sagarzazu errefuxiatu historikoak daude atxilotuen artean.

Hamabi lagun horiek atxilotzeaz gain, miaketa ugari egin zituzten Frantziako zein Espainiako poliziek, eta, halaber, atxilotuen jabetzako ostatuak eta kontu korronteak bahitu zituzten. Askatasunak jakinarazi duenez, miaketa gehienak arratsaldeko lehen orduan amaitu ziren, baina Julen Madariagaren etxean, Senperen (Lapurdi) arratsaldeko zortziak arte izan ziren. Han izan ziren bitartean Madariagaren semeari debekatu egin zioten amarekin euskaraz hitzegitea.

Euskal Herriko alderdi gehienek bake prozesuaren aurkako "erasotzat" jo dute operazioa; aldiz, prozesu horri ez diola eragiten nabarmendu zuen Espainiako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.