Polizien «karga basatia» salatu dute Iruñeko Donibane auzoan

Sergio Boadari eta Araitz Amatriari egindako ongietorrian, Espainiako poliziek hamabost lagun zauritu zituzten, ostiralean

joxerra senar
Iruñea
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«Inpunitate osoz» Espainiako Polizia Donibane auzoko herritarrei oldartu egin zitzaien iragan ostiralean. Araitz Amatria eta Sergio Boada gazte iruindarrei, bi urtez behin-behineko espetxealdian izan ostean, ongietorria egin zieten ostiral arratsaldean. Omenaldi hark baimenik ez zuela argudiatuta, aurpegia estalita eta borrak eta pilota gomadun eskopetak eskuetan zituztela, poliziek inguratu egin zituzten 50 lagun inguru. Ongietorrian zegoen Patxi Reyren arabera, ez zuten espero poliziek eraso egingo zietela. Eta, aurrez inongo abisurik eman gabe, auzokideen aurka «karga basatia» egin zuten poliziek. Oldartzearen ondorioz, hamabost pertsona zauritu ziren, eta hiru pertsona ospitaleratu egin behar izan zituzten.

Atzo, Iruñeko prentsaurrekoan ziren Sergio Boada eta Araitz Amatria eta Mari Carmen Mañas Angel Berruetaren alarguna. Prentsaurrekoan, ongietorria sakelako telefonoz grabatu zuen auzokide baten irudiak eman zituzten. Herritar horrek etxeko balkoitik grabatu zituenez gertaerak, irudiak ez dira kalitate onekoak, baina Reyren kontakizuna berresten dute.

Ostiralean Iruñean elurra egin baitzuen, Jasokunde plaza izoztuta ageri da irudiotan. Reyren kontakizunaren arabera, ongietorriaren muntatzea prestatzen ari zirela, Espainiako Poliziaren hainbat furgoneta agertu ziren, baina ez zuten espero ezer egingo zutenik. Boada eta Amatria plazara joan zirenean hasi zen ongietorria. Txalo artean hartu zituzten bi preso ohiak, eta, txalaparta jo ostean, bi dantzarik aurreskua dantzatu zieten.

Telefonoarekin grabatutako irudiak une hartatik aurrera hartutakoak dira. Izan ere, une hartan aurpegia estalitako poliziek parte-hartzaileak inguratu zituzten, eta nortasun agiria eskatu zieten Amatriari eta Boadari eta haien atzean presoen senideen argazkiak zeramatzaten lagunei. Ekitaldiak ez zuela baimenik esan zieten. Dena den, irudietan egiaztatu ahal den legez, ekitaldiak aurrera jarraitu zuen normal, eta ongietorrian zegoen jendeak lasaitasunez jarraitu zuen aurreskua. Hura bukatutakoan, dantzariek besarkatu egin zituzten Amatria eta Boada, eta, txalo zaparraden artean, «euskal presoak etxera» oihukatzen hasi zen jendea. Laugarren aldiz oihu egitera zihoazela, polizia batek tiro egin zuen. Jendea, korrika sakabanatu egin zen.

Gehienek Jasokunde plazan diren hiru tabernatara jo zuten. Atzetik, poliziak joan ziren herritarrak joka. Tabernetako sarreretan pilatuta ziren pertsonak borraz jo zituzten. Bideoz ez ziren irudiok hartu, etxe azpian zirelako, baina atzo jakinarazi zutenez, hamabost pertsona zauritu zituzten poliziek, eta horietatik hiru ospitaleratu egin zituzten. Kazetariei banatutako argazkietan zazpi bizilagunek jasotako borra kolpeak egiaztatu ahal dira -bizkarrean, buruan, besoetan...-.

AAMren salaketa

Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak salatu zuen Amatria eta Boada orain epaiaren zain badaude ere bi urte eman dituztela behin-behinean preso. «Euren zigorra txikia izango balitz bezala, kalera atera direnean, haien auzoak prestaturiko harrera zapuztu zuen Espainiako Poliziak». Ekitaldia erabat publikoa izan zela jakinarazi zuen, eta Poliziaren erantzuna, berriz, «neurri gabekoa». Esparzak salbuespen egoera amaitzeko galdegin dio Espainiako Gobernuari: «Independentismoarekin konfrontazio demokratiko bat izateko ausardia izan behar du estatuak, biolentziarik gabe, jipoirik gabe, mehatxurik gabe, debekurik gabe. Ausartuko dira?».



Oier Martinez del Campo espetxeratu egin dute, bost urteko zigorra betearazteko

Oier Martinezdel Campo gasteiztarra preso sartu zuten Martuteneko espetxean (Gipuzkoa), azaroaren 25ean, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, bost urteko zigorra betetzeko. Orain dela zortzi urte, Ertzaintzak Gasteizen egindako sarekada batean atxilotu zuten Martinez del Campo, beste gazte batzuekin batera, banku bati eraso egitea leporatuta. Sei hilabete eman zituen espetxean, eta ondoren aske utzi zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak bost urteko espetxe zigorra ezarri ostean,auzi saio bat egin zuten Madrilen, Auzitegi Gorenean, aurtengo uztailean haren eta beste gazte baten kontrako epaia aztertzeko. Gorenak bost urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zion Martinez del Campori. Aurretik sei hilabete espetxean eman zituenez, beste bost urteko zigorra betearazteko sartu dute preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.