Hiri hondakinak zementu fabriketan erabiltzeak ingurumen eta ekonomia «kostu negatiboak» dakarzkio gizarteari, Greenpeaceren esanetan. Porlan fabriketan hiri hondakinak erretzeko egitasmoak eta jarduerak aztertu ditu talde ekologistak, eta ondorio horretara iritsi da. Hiri hondakinak zementu labeetan erre beharrean birziklatuko balira irabazi ekonomiko handiagoak eta lanpostu gehiago sortuko liratekeela uste dute. Gainera, Greenpeacek ohartarazi du zementugintzako labeetan zaborra erretzean «produktu toxikoak kontrolik gabe» hedatzen dela: «Instalazio industrialei bakarrik ematen dizkie irabazi ekonomikoak». Gizartearentzat, aldiz, errausketak kostuak dakartzala salatu du.
Bartzelonan aurkeztu zuen txostena Greenpeacek, atzo: Hondakinen errausketaren atzeko atea du izena. Katalunian badira hiri hondakinak erretzen ari diren zementu fabrikak, baina baita Espainian, Galizian eta Euskal Herrian ere, eta guztiak aztertu dituzte. Cementos Portlanden Lemoako eta Cementos Rezolaren Añorgako eta Arrigorriagako lantegiek baimenak dituzte hiri hondakinak erretzeko. Probak ere egin dituzte: Jundizko (Araba) tratamendu plantak ontzi arinekin egindako HEE hondakinetatik eratorritako erregaiak erabili dituzte Lemoan. Bestelako hondakinak ere erretzen dituzte: haragi irinak, araztegietako lohiak, autoen pneumatikoak... Olatzagutian (Nafarroa), berriz, Cementos Portlandek biomasa erretzeko baimena du. Hiri hondakinak erretzeko baimena ere eskatua du, eta Roberto Jimenez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak iragarri du baimen hori emateko izapideak bizkortuko dituela.
Hondakinak erraustea, oro har, baliabideak galtzea iruditzen zaie Greenpeaceko kideei. Zehaztu dute hondakinak birziklatzea errentagarriago dela, eta batere zaborrik ez sortzeko politikak indartzeko eskatu dute. Zehazki, herri guztietan hondakinak atez ate biltzeko eta hondakinen tasa sortutako hondakin kopuruaren arabera kobratzeko ere eskatu dute.
Hiri hondakinekin zementu fabriketan erretzen diren HEE horiek biomasa gisa ez katalogatzeko ere eskatu dute. HEE horiek parte organiko bat dutenez, biomasa gisa hartzen ditu legeak, eta energia berriztagarritzat hartzen da; horrek hainbat finantza onura ematen dizkie errausten dituztenei, baita CO gutxiago isurtzen dutela adierazteko bidea ere.
Bestalde, Usurbilgo Itunak agerraldia egin zuen atzo, eta ekainaren 17an Saguesen (Donostia) egitekoa den mosaikora joatera dei egin zuen.Gipuzkoa Zero Zabor taldeak antolatu du ekitaldia, errausketaren aurka. Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak, gainera, iragarri du hondakinen kudeaketa plan berria datorren astean aurkeztuko duela Gipuzkoako Diputazioak.
Porlan fabriketan zaborra erretzearen aurka egin dute
Greenpeacek txosten bat kaleratu du jarduera horri buruz; gizarteari eta ingurumenari kalte egiten diela adierazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu