Porlangintza eta hondakinen errausketa Euskal Herrian

2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
ARABA

HEEak ekoizten. Araban ez da porlan fabrikarik, baina hondakinetatik eratorritako erregaiak bai ekoizten ari dira, lantegi horietan erretzeko. Arabak badu TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat, Jundizen. HEEak, hain justu, halako plantetan egiten dira. 2008an, Gasteizko Udalak proiektu bat idatzi zuen, aztertzeko Jundizko plantan HEEak ekoiztea bideragarri ote zen. Proba bat garatu zuten, eta orain bi urte makina berri bat erosi zuen Jundizko plantaren kudeatzaileak; gaika jasotako plastikoaren errefusarekin, birziklatu ezin diren plastikoekin alegia (%20 inguru), HEEak ekoiztu dituzte Jundizen. FCC enpresak kudeatzen du, enpresa elkarte behin-behineko batean, Judizko hondakinen planta, eta FCCren zementu fabrika batean probatu dituzte bertan ekoitzitako HEEak, Lemoako Cementos Portlanden.

BIZKAIA

Errausketaren alde. Hiri hondakinak erraustearen alde egin zuten Bizkaiko administrazio publikoek, eta horretan ari da Zabalgarbiko errauste planta 2005etik hona.

Bi porlan fabrika. Bizkaian badira bi porlan fabrika: Arrigorriagan dago bat (Italcementi Group taldea) eta Lemoan bestea (CPV Cementos Portland Valderribas). Bietan hondakinak erretzen dituzte. Lemoako planta, aitzindarietako bat izan zen halako jardueretan. 1995az geroztik ari da hondakinak errausten. Erabiltzeari utzitako autoen pneumatikoekin eta beste atalekin hasi zen, eta geroztik bernizak, pinturak, haragi irinak, araztegietako lohiak... era askotako hondakinak erretzeari ekin dio. Jundizko plantan ekoiztutako HEEak ere erre ditu. Azken datuen arabera, Lemoako porlan fabrikako labeetan erabili diren erregaien %25 inguru dira hondakinak. Arrigorriagako lantegian ere antzekoa da egoera, eta antzeko erregaiak erretzeko baimenak ditu, nahiz geroago hasi zen jarduera horietan. Italcementi eta CPV taldeek, gainera, Neuciclaje izeneko enpresa baten bi herenak kontrolatzen dituzte; pneumatikoak zementu labeetan erretzeko prestatzen ditu Neuciclajek.

HEE ekoizle handiena. Euskal Herriko TMB planta handiena eraikitzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia uneotan. Arraitz mendian, Zabalgarbiko errauste plantatik gertu, ari dira altxatzen eraikin berria. Heldu den urtean martxan jartzea espero dute, eta horrekin batera zabortegiak ixtekotan dira. Aurrerantzean, nahastuta jasoko dituzten Bizkaiko hiri hondakinen parte bat Zabalgarbira joango da, eta beste parte bat TMB plantara. Planta horretan bereizi egingo dituzte hondakinak, eta HEEak egingo dituzte. Martxan jarritakoan, Euskal Herriko HEE ekoizle handiena izango da: urtean 42.000 tona HEE sortzea espero dute. Zementu fabrikak izango dira HEE horien erosle nagusiak.

GIPUZKOA

TMB plantak bai, HEE ez. Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko planaren arabera, hiru TMB planta eraikiko dituzte herrialdean: Zubietan bat, handiena, eta Beasainen eta Azpeitian beste biak, txikiagoak. TMB plantak bai, baina HEErik ekoizteko asmorik ez du agertu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hondakinak bereizi, inertizatu, zigilatu, eta ingurune hondatuetan betelanak egiteko erabiltzeko asmoa du, harrobietan adibidez.

Errausten ari da. Cementos Rezola lantegiak (Italcementi Group), Donostiako Añorga auzoan, hamabost urte inguru daramatza hondakinak errausten: Añarbeko Uren araztegietako lohiak, pneumatikoak, pintura eta bernizak... Bizkaiko lantegietan erretzen dituztenen antzeko katalogoa erraustu dezake, baita HEEak ere.

NAFARROA

Errauste plantarik ez. Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi du herrialdean errauste planta bat eraikitzeko egitasmoa. Aurtengo martxoan zabaldu zen berria, prentsaren bidez. Nafarroako Gobernuak ez du berri ofizialik eman oraindik, hala ere. Errauste plantarik eraikitzen ez bada, hondakinak kudeatzeko zein azpiegitura egingo diren ere ez du zehaztu gobernuak. TMB plantarik eraikitzeko asmorik ez zuen lehen, gobernuak, baina ez du argitu egoera berrian zer egingo duen, ezta HEEak ekoizteko asmorik baduen edo ez ere.

Olatzagutian, saiatzen. Azkeneko urteetan ahalegin handia egiten ari da Olatzagutiko CPV lantegia, labeetan hondakinak erretzeko. 2011ko maiatzaz geroztik baimena du biomasa erretzeko, baina horretan hasi denik behintzat ez du jakinarazi, inbertsio handiak egin behar dituelako. Beste hondakin klase batzuk erretzeko baimena ere eskatua du. FCC jabeak esana du lehiakor izateko ezinbesteko zaiola hondakinak erraustea.

LAPURDI

Errausketarik ez. Ipar Euskal Herriko hondakinak tratatzeko, planta bat eraikitzen ari da Urbaser enpresa, Baionan, Canopi izenekoa. TMB planta bat izango da, hondakinak bereizteko. Urbaser enpresa sartua da errausketa egitasmoetan, eta Gipuzkoako errauste planta eraikitzeko lehiaketara ere aurkeztu zen. Hala ere, Canopiako egitasmoetan ez da agertzen HEE ekoizteko egitasmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.