Olatzagutiako udaleko alderdiek (Nafarroa) agerraldi bateratua egin dute gaur Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu asmoz. Gobernuak legea moldatu du eta Udalaz Gaindiko Eragina duen Proiektu Sektorial kategoria (PSIS) eman dio Portlanden zementu fabrikan hondakinak erretzeko egitasmoari.
PSNk, Ezkerrak, Aralarrek, Bilduk eta EAJk adierazi dute proiektuak udalaren eskumenak urratzen dituela. "Inposaketa horrek udalen autonomiaren aurka egiten due eta interes ekonomikoak herrialdearen ongizatearen gainetik ezartzen ditu", esan dute.
Gobernuak auzia "iluntasunean" kudeatu dutela salatu dute alderdiek, informazio argirik eman gabe. Portlanden errauste planta egiteko proiektuaren aurka aurkeztuko helegiteak "zein puntutan daude" azaltzeko eskatu diote UPNren gobernuari, alderdiek ez dakitelako aurkeztutako argudioak kontutan hartu ote diren.
Hondakinak eta zementu grisaren
Olatzagutiko Portlandek hondakinak erreko ditu: 36.500 tona urtean, zehazki. Hondakinak hartzeko, pilatzeko eta dosifikatzeko instalazio bat eraikiko dute, Olatzagutiko Portland lantegiak zementu grisa egiteko dituen bi labeetan. Zaborra erreta, zementua ekoizteko "erregai alternatiboak" lortzea du xede proiektuak. Herritarrek errauste plantaren aurkako protesta ugari egin dituzte azken hilabeteetan.