Nafarroako Gobernuak eta Portlandek lurraldeko hondakinak errausteko sinatu duten itunaren aurkako manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Altsasun. Nettotik abiatu da, 18:00etan.
Hiru Mugak Batera taldeak deitu du protestara. Errausketa "osasunerako kaltegarria" dela salatu dute, baita "baliabideak eta enplegua suntsitzen" dituela ere.
Taldeko ordezkarien arabera, Sakanan milaka lagun eta hainbat talde, mankomunitate eta udal daude "basakeria" horren kontra. Beste eredu bat posible dela aldarrikatu dute: "Norabide zuzenean bultzatu besterik ez da egin behar".
Argi utzi dute ez dutela euren "ondasunik preziatuena", hau da, euren osasuna eta euren herrietan bizitzeko eskubidea kentzerik onartuko.