Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Igor Portu eta Mattin Sarasola etakideak torturatzeagatik Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak iaz zigortu zituen lau guardia zibilen aurkako epaia. Gipuzkoako Auzitegiak bi eta lau urte eta erdi arteko kartzela zigorrak jarri zizkien; hain zuzen, Juan Jesus Casasi lau urte eta erdikoa, Jose Manuel Escamillari bi urte eta erdikoa, eta Sergio Garciari eta Sergio Martinezi binakoa.
Halaber, jasotako kalte fisiko eta psikologikoengatik Porturi 18.000 euroko kalte-ordainak ematera zigortu zituzten Casas eta Escamillas, eta beste bi poliziek 6.000 euro ordaindu beharko zizkioten Sarasolari. Gorenak, ordea, gaur ebatzi du ez zela torturarik izan eta baliogabetu egin du Gipuzkoako Auzitegiaren epaia.
2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituen Guardia Zibilak Portu eta Sarasola, Arrasate inguruan, eta biok atxiloaldian torturak jaso izana salatu zuten. Epaiketara iritsi ziren, eta hamabost guardia zibil epaitu zituzten. Gipuzkoako Auzitegiak iazko abenduaren 30ean espetxe zigorra ipini zien lau guardia zibili. Beste 11 agenteak absolbitu egin zituen.
Guardia zibilek epaiketan esan zuten Porturen eta Sarasolaren zauriak atxiloketa uneak eragindakoak izan ziren. Iñaki Subijana epailea buru zuen epaimahaiak frogatutzat eman zuen "tortura larriak" jasan zituztela. Gorenak dio ezin dela frogatutzat eman, eta balitekeela Portuk-eta torturak salatzeko ETAk emandako agindua bete izana.
Espainiako auzitegiak kasuko hiru lekukoen testigantzak ez ditu aintzat hartu, lekuko bat Porturen sendiaren ezaguna dela esanda eta beste biak ezker abertzalearekin lotuta.
Rubalcabak Guardia Zibilaren bertsioarekin bat egin zuen
Alfredo Perez Rubalcaba azaroaren 20ko Espainiako hauteskundeetako PSOEko presidentegaia Espainiako Barne ministroa zen Iorduan, eta hasieratik egin zuen bat Guardia Zibilaren bertsioarekin. Porturen zauriak atxilotu zutenean "erabili behar izan zuten indarkeriaren ondorio" zirela esan zuen.
Torturengatik aurreko zigorrak, 2001ean
Iazkoaren aurretik, tortura kasuengatik azkeneko zigorra 2001ean jarri zuten: zazpi guardia zibil zigortu zituzten. Lau hilabete eta urte eta erdi bitarteko kartzela zigorrak eta lau eta hogei urte bitarteko inhabilitazioak ezarri zizkieten. Hiru urte geroago, ordea, haietako lau indultatu egin zituzten, eta beste hiruri nabarmen jaitsi zizkieten kondenak.