Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzegatik 2010eko abenduan Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zigortutako lau guardia zibilak absolbitu izanak kezka eragin du Euskal Herriko hainbat eragileren artean. Gernikako Akordioa sinatu duten indar politikoek eta beste gizarte eragile batzuek salatu dutenez, Auzitegi Gorenak asteon kaleratutako absoluzio epaiak «zigorgabetasun osoa eman nahi dio torturaren erabilerari». Ohartarazi dute hori «Euskal Herrian gauzatzen ari den konponbide prozesuaren aurkako norabidean» doala, eta salatu dute gisa horretako erabakiek «aro berria zapuzteko eta oztopatzeko borondatea» erakusten dutela.
Horrekin batera, datorren larunbatean Iruñeko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute —17:30ean abiatuko da, Iruñeko Golem zinemetatik—. Tortura eta «zigorgabetasuna» salatuko dute martxan, eta Euskal Herriarentzako «aterabide demokratikoak » aldarrikatuko, deitzaileek azaldu dutenez. «Herritarrak aktibatzea beharrezkoa izango da hasi dugun bidea bururaino eramateko. Bakearen, demokraziaren eta eskubide guztien errespetuaren aldeko lanean eta mobilizazioan herritar gehiago batzen joateko garaia da», nabarmendu dute. Donostian eginiko agerraldi batean, hamabost eragilek sinatutako agiri bat irakurri du Ane Ituiñok, Torturaren Aurkako Taldeko bozeramaileak.
Testu horretan, aipatutako salaketa eta deia egiteaz gain, Espainiako Estatuko agintariei eskatu diete tortura erabili dela aitortzeko, tortura berriro erabiliko ez dela ziurtatzeko tresnak ezartzeko eta tortura jasan dutenen erreparazioa bermatzeko. «Torturaren erabilera erabaki politikoz ematen den heinean, torturaren desagerpena ere erabaki politiko baten ondorio izango da», adierazi dute. Agiria sinatu duten eragileen artean daude, besteak beste, ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba, LAB, EILAS eta Etxerat.
Agerraldian izan dira, halaber, Igor Porturen gurasoak, Beatriz Etxebarriaren gurasoak —martxoan poliziek atxilotu eta «bortxatu » egin zuten— eta Juan Cortes, 2002ko urtarrilean Guardia Zibilak «bortizki torturatu» zuen euskal herritarra. «Eskandalu politikoa» Agiriaren sinatzaileen arabera, Portu eta Sarasolaren kasuak agerian utzi du, beste behin, «Espainiako Estatuko aparatu nagusiek eta komunikabide handiek» tortura «ezkutatzeko eta ukatzeko » erabiltzen duten estrategia. «Aparatu polizialak, politikoak eta judizialak bat eginik agertu dira torturaren erabileran. Praktikan polizia etxeetako zulo ilunetan gauzatu diren izugarrikeriek arduradun politikoak izan dituzte atzean. Ondoren, tortura salaketak artxibatzeaz eta torturapean eginiko deklarazioak ontzat hartzeaz arduratu dira epaileak eta fiskalak».
Eragile horien arabera, Auzitegi Gorenaren epaiaren «argudio ahulen» atzean tortura ez zigortzeko «borondate politikoa» ikus daiteke. «Benetako eskandalu politiko baten aurrean gaude». «Donostian egin zen epaiketan egon zen edonork ondorio argiak aterako zituen». Asteartean jakinarazitako epaian Gorenak baliogabetu egin zuen lau guardia zibilen aurkako epaia. Gipuzkoako auzitegiak Portu eta Sarasolaren bertsioari eman zion arrazoia, lekukoen testigantzak eta auzi medikuen azalpenak kontuan hartuta hartarako nahiko froga bazeudela argudiatuta. Gorenarentzat, baina, ez dago guardia zibilen errugabetasuna zalantzan jar dezakeen frogarik.
Donostiako auzi medikuen txostenak zalantzan jarri ditu, polizien abokatuek aurkeztutako medikuenak lehenetsiz. Era berean, Portu eta Sarasolaren tortura salaketak «ETAren estrategiaren » barnean kokatu ditu, eta lekukoen fidagarritasuna ezbaian jarri du, ETAren aginduei jarraituz Portu eta Sarasolak «salaketa faltsuak» jarri eta lekukoak «gero topatu» zituztela argudiatuta.