Igor Portu eta Mattin Sarasolak ageri zituzten lesio eta zauriei buruz guardia zibilek emandako azalpenak goitik behera gezurtatu dituzte Donostiako Probintzia Auzitegian deklaratzen ari diren auzi medikuek. Sarasolaren txostena aztertu dute aurrena, eta hari aurkitu zizkioten hainbat zauri ez direla atxiloketa bortitz baten ondorio ziurtatu dute Donostiako Instrukzio Auzitegian txostena egitearen ardura izan zuten auzi medikuek. Porturen osasun txostena kontuan hartuta ere ondorio berera iritsi dira: ez direla erorketen ondorio, baizik eta zuzeneko kolpeenak. Hain zuzen, atxilotu ondorengo egunean Donostiako ospitalera eraman zuten Portu, kolpeak, hiru saihets puskatuta eta birika zulatuta zituela.
Zehazki, Sarasolak begian ageri zuen ubeldura kolpe zuzen baten ondorio zela ziurtatu du auzi medikuetako batek, eta ez erorketa batek eragindakoa. Ondorio bertsura iritsi da bularraldean zein besoetan zituen hainbat ubeldura aztertuta. Belarriko zauria, berriz, Madrilera bidean edo Madrilen egin ziotela adierazi du, Donostian eurek aztertu zutenean ez baitzeukan. Madrilen, Auzitegi Nazionaleko auzi medikuak atzeman zuen. Oro har, Sarasolari 18 lesio aurkitu zizkiotela agertu du auzi medikuak.
Bestelakoa diote Guardia Zibilaren abokatuen auzi medikuek
Guardia Zibilaren abokatuen auzi mediku batek esan du "dena hipotesia" dela, baina bere ustez atxilotuen lesioak "plakaje baten emaitza" izan zirela. Guardia zibilen bertsioa defenditu dute; hots, lesioak atxiloketa unekoak direla, Portu-eta ihes egiten saiatu omen zirelako. Mediku haietako baten arabera, saihets hausturak errugbian edo hockeyan ere gertatzen dira.
Donostiako Instrukzio Auzitegiko mediku batek adierazi du halako lesioak ez direla normalak atxiloketetako ustezko borrokaldietan. "Baina hau ez da ohiko atxiloketa bat", erantzun du guardia zibilen abokatu batek.
Epaiketako hirugarren saioa izan da gaurkoa
Goizeko bederatzietan hasi da gaur Donostiako Probintzia Auzitegian Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren tortura salaketen inguruko hirugarren auzi saioa. Aramaioko alkatea izan da lekukotza ematen lehena, eta, ondoren, arestian aipatutakoen auzi medikuen txanda heldu da. Zehazki, Portu eta Sarasola aztertu zituzten sei auzi medikuk deklaratu dute, Gipuzkoako Instrukzio Auzitegikoak.
14:30ean bukatu da saioa, eta bihar segituko du epaiketak, 9:30ean, deklaratzeko falta diren lekukoekin.
Atzo Portuk eta Sarasolak deklaratu zuten, eta Guardia Zibilaren bertsioa goitik behera gezurtatu zuten, beraien bertsioa kontatuta. Atxiloketa unean ez zituzten jo, harik eta autora sartu eta martxan jarri ziren arte.
Torturen inguruko epaiketa
Portu eta Sarasolaren zauriek guardia zibilen bertsioa gezurtatzen dute, auzi medikuen arabera
Lesio horiek ez direla atxiloketa bortitz baten ondorio agertu dute. Halaber, Sarasolari belarriko zauria beranduago egin ziotela, Madrilera bidean edo Madrilen. Donostiako Instrukzio Auzitegiko medikuek deklaratu dute Porturen eta Sarasolaren torturen auziko epaiketako gaurko saioan; zeuzkan zauriengatik Portu hiltzeko arriskuan egon zela erantsi du medikuetako batek. Guardia Zibilaren abokatuen auzi mediku batek esan du lesioak "plakaje baten emaitza" izan zirela eta saihets hausturak errugbian edo hockeyan ere gertatzen direla. Bihar segituko du epaiketak, 9:30ean, falta diren lekukoekin. BERRIA.INFOk gaur ere zuzeneko kontaketa egin du auzitegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu